EAJ-PNV alderdiak ohar bidez adierazi duenez, “Sorabillatik Bazkardo arteko N-I errepidearen saihesbidearen eraikuntza Proiektua erredaktatzera heldu ziren bere garaian, 120 milioi euroko inbertsioa eskatzen zuena”. Izagirre Andoaingo jeltzaleak adierazi duenez, “proiektu horren dimentsioak eta kostuak ezinezkoak dira, egungo egoera ekonomikoan ez da egingarria”. Hedabideetara bidalitako oharrean, jeltzaleek alternatiba baten berri eman dute: “A-15 errepideko Atorrasagastiko tunela igaro eta gero, Tolosarako bidean eskuinetik bide berria egin daiteke, Bazkardoko biribilgunearen gainetik igarotzeko moduko garaiera nahikoarekin. 90 graduko biraketa eginez, N1 errepidearekin paraleloan lerrokatu arte”. Jeltzaleek irtenbide errealistatzat hartzen dute, “25 milioi euroko aurrekontuarekin egin daitekeena, eta Bidegik bere osotasunean gauza dezakeena”.