Eskertu egin du bukatzera doan legegintzaldi osoan militantziak eskaini dion laguntza eta erakutsi duen konpromisua, ezkerreko beste alderdiekin ekintza bateratuaren alde lan egiteko orduan.
Mourinhok 2015-2019 legegintzaldian adostutako udal aurrekontuak nabarmendu ditu, hainbat neurri aurrerakoi ezarri ahal izan direlako, bere ustez: “zerbitzu publikoen publifikazioaren aldeko politikak, mailakako tasak, gizarte izaera duten eta berdintasuna bultzatzen duten programak, hainbat inbertsio (Arrate pilotalekua, alokairu sozialari begirako udal etxebizitzak…)…”. Gaineratu duenez, udal gobernuarekin 2019an akordio berria sinatu dute, eta horren bitartez “gure udal programak jasotzen zituen politikak sendotuko ditu”.
Mourinhok adierazi du aipatu udal politika hori “alderdi ezkertiar eta eraldatzeek elkarrekin erakutsi duten ekintza batasunari esker” izan dela.
Etorkizunari begira, alderdiak erronka berri bati ekin beharko diola gaineratu du Mourinhok. “Talde berri batek segiko du lanean, pertsonak eta beren ongizatea lehenesten dituzten politikak aurrera eramateko asmoz, posible delako udalgintza parte hartzaileagoa eta gardenagoa egitea”.
Guzti hori ahalbidetzeko, “premiazkoa izango da andoaindarren konfiantza eskuratzea eta hauteskundeetako zenbakiak alde izatea; horrexegatik, funtsezkoa izango da geure afiliatu eta jarraitzaileen konpromisua eta laguntza”, Irabaziko zinegotziaren ustetan.
Azkenik, zera iragarri du Mourihok: “Amaitzear den legegintzaldian pilatu dugun eskarmentuak adierazten digu ezinbestekoa dela ekintza batasuna, eta alde horretatik, Irabazi Andoaingo Podemos-Ahal Dugurekin batera zerrenda bakarrean aurkezten da, Andoaingo Elkarrekin Podemos, Ezker-Anitza Izquierda Unida izenarekin”.