Duela lau urte egin bezala, Aiurrik agintaldiaz eta etorkizuneko erronkez eztabaidatzeko aukera eskaini die Andoaingo alkategaiei. Alderdiei bi baldintza jarri dizkie Aiurrik: Debatea euskaraz izatea, eta solaskidea zerrendaburua izatea. Andoni Alvarez (EH Bildu), Maider Lainez (PSE-EE) eta Marijose Izagirre (EAJ-PNV) Andoainen babes politiko gehien duten hiru hautagaiak Jon Ander Ubeda Aiurriko zuzendariaren esanetara arituko dira. Ekitaldia irekia izango da, eta euskaraz ez dakitenentzat aldi bereko interpretazio zerbitzua izango da. Jon Unanue eta Amagoia Lizaso itzultzaileak arituko dira langintza horretan.