Berrogeita hamar lagunetik gora ikusle bildu zituen Zumea plazako ekitaldiak. Agertoki txukuna egokitu zuten, kale giroko dekorazioarekin: Farolak, eserlekuak eta bizikleta bat. Ipinitako eserleku ia guztiak beteta, "Si se puede!" behin baino gehiagotan oihukatzen zuten. Bitxia zen, grinez eta gogoz beterik zeuden zaletuak adinean gorakoak zirelako. Oro har ikuslego heldua hurbildu zen ekitaldira, eta solaskide guztien adierazpenak adi-adi entzun zituzten. Lander Martinez Euskadiko buruzagiak ireki zuen saioa, Udal hauteskundeen eta koalizioaren garrantziaz hitz egiteko. Pilar Garrido Espainiako Diputatuak hartu zuen hitza ondoren. Ikuslegoa, ordea, Andoaingo hautagaia entzuteko gogoz zegoen. Txalo zaparrada jaso zuen, eta euskaraz agurra egin eta gero, adierazpena egiteari ekin zion: "Duela urte batzuk erosotasuna alde batera utzi eta zerbaitek zutitzera eraman gintuen. Ez geundela ondo jabetu ginen. Behekoak mugituz gero, goikoak eror daitezkeel ikusi genuen. Goikoak ez dira oraindik jabetu, baina Elkarrekin Podemosekoak oso borrokalariak gara, eroriko direla ziur gaude eta gure indar guztiarekin ahaleginduko gara". Ikuslegoa txaloka hasi zen orduan. Segidan, hainbat neurri iragarri zituen: "Hauteskunde programa oso indartsua landu dugu. Gure lehen neurria pribatizatu diren zerbitzuen auditoria egitea izango da. Udal zerbitzuen kudeaketak publikoa izan behar du".
Hezkuntza eta Osasun publikoa defendatu zituen, Tolosako Asuncion Klinika kontzertatuaren aurka agertuz. Ahalduntzea bermatzeko, hiritarren ordezkaritza sortzea proposatu zuen.