Elkarrizketa PPren egoitza nagusian egin zen, Donostian.
Zein ekarpen egin diezaioke PP alderdiak Andoaingo Udalaren gobernantzari?
Alderdiak eta, bereziki nik neuk, iraganean jasotako babesa berreskuratu nahiko genuke. Foru Aldundian eta udalgintzan dudan esperientzia gure ekarpen handiena da. Une hauetan zerbait bada garrantzitsua, honakoa da: Erakundeak ez dira bakoitza bere kabuz aritzen. Erakundeen arteko lana geroz eta garrantzitsuagoa da. Andoainen bi zinegotzi izatera iritsi ginen, eta hori dela eta urratsa ematea erabaki dut.
Zuretzat zer da Andoain?
Nire abiapuntura itzultzea da. Politikagintzan Andoainen murgildu nintzen. Oso oroitzapen onak ditut, eta baita oso txarrak ere. Politikaz dakidana Andoainen ikasi nuen. 1995ean hartu nuen kargua, lehen aldiz. Kargu hartze ekitaldia kafkianoa izan zen. Adinekoen mahaian, detaile modura, espetxetik ekarritako ETAkide bat zegoen. Plenoa amaitzean, Jose Luis Lopez de Lacalle hurbildu zitzaidan. Ez nuen lehendik ezagutzen. Eskua luzatu zidan, eta laguntza eskaini zidan. Denborarekin Lopez de Lacallerekin egin zutena aski ezaguna da. Oso barnean ditudan oroitzapenak dira.
Gobernu ardurak izatera iritsi zineten, 2003-2007 agintaldian...
Ogasuna eta Gizarte politikak, bi ardura horiek gure gain hartu genituen. San Juan bataiatzailean, orduko hartan, lan gatazka handia izan zen. ELAren esperimentua izan zen, oso bortitza.
Urte batzuk eman ditut Andoaindik kanpo, baina esperientzia haiek herriaren ezagutza eman didate.
Zein da distantziatik Andoaingo udaletxeko dinamikaz egiten duzun balorazioa?
Hainbat pertsonekin harremanetan jarri naiz. Garai haietan ez ziren hautes-zerrendan aurkezteko animatu, baina gertu sentitzen ditut. Udaletxeko dinamikari buruz, zaila da lana oso gaizki egitea. Azken lau urteotan, ordea, sektarismoa nabari dut. Bakoitzak bere alderdikoentzat lan egiten duela dirudi. Baina, esan ohi dudan bezala, dagoeneko udalgintzan ez gaude azpiegitura handiak kudeatzeko. Pertsonen alde gaude lanean. Hurrengo urteetan, Udal aurrekontua osatzeko garaian, adineko pertsonei bideratutako zerbitzuekin estuasunak sortuko dira. Udala funtsezkoa da, konpententziak izan ala ez izan. Arazoa antzematea funtsezkoa da, eta hori gertuko instituzioak egin dezake. Bakarrik bizi diren adinekoen kopurua, esaterako, oso adi egoteko kontua da.
Zein da zure aurreikuspena, maiatzaren 26ra begira? Hautagaitza lortzeko aukera baduzu?
Oroitzapen ona utzi izana, hori da nire itxaropena. Gure inguruan egon daiteke beste aukera politikoetara puntualki joan dena, baina espero dut nire ibilbideaz oroitzapenen bat geratu izana. Herritar horiek mugiaraztea espero dut. Zaila da, baina horixe da nire itxaropena. Horregatik aurkeztu naiz.
Andoaindarrek zergatik eman behar diote botoa PPri, igande honetan?
Pertsonen aldeko apustua egiten dugulako. Udaletxea gertuko erakundea da, eta gaur egun ditugun loturekin, Udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko loturak areagotu behar dira. Hoditeria, argiteria... alor horretan lana egin behar da. Gertuko enplegua sustatu behar da, bereziki adinean gora doan langabetuari irtenbidea eskaintzeko.
Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?
PSE-EErekin lan egin dut Andoainen, eta Batzar Nagusietan lankidetzan aritu naiz EAJ-PNVrekin. EH Bildurekin ez nuke akordiorik egingo, baina ez naiz erradikala. Foralista naizenez, hitzarmenen aldekoa naiz. Baina gobernua osatzeko ez nuke EH Bildurekin osatuko. Ezta, ziurrenik, Elkarrekin Podemosekin ere. Unean uneko erabakietarako, ordea, denekin adosteko prest nago.