Zein ekarpen egin diezaioke Elkarrekin Podemos alderdiak Andoaingo Udalaren gobernantzari?
Herriari ahotsa ematea, horixe ekarpen garrantzitsuena. Dena erabakita eta asmatuta dagoela dirudi, baina guk ez dugu horretan sinisten. Herritarrei ahotsa eman behar zaie, balio erantsi hori falta da. Adibide bat: guk geuk gure proposamenak alderdi politikoen bitartez aurkeztu egin behar izan ditugu. Hori ez zaigu normala iruditzen. Herritarra ahalduntzea nahi dugu, eta haiei ahotsa eman.
Alderdiko idazkari orokorra zara. Zer dela eta hartu zenuen alkategai izateko erabakia?
Egoerak horretara eraman gaituelako. Gure zirkuluan edonor izan zitekeen alkategaia. Galdera da, udal korporazioa osatuta, nork egin dezake udalgintzaren jarraipena? Lana eta udal ordezkaritza uztartzea ez da erraza, bereziki enpresa pribatuan ari denarentzat. Ni funtzionarioa naiz, eta lana eta ordezkaritza politikoa uztartzeko aukera gehiago izan dezaket.
Zer da zuretzat Andoain?
Desberdintasun handiak dituen herria da. Auzoaren arabera, ikuspegia asko aldatzen da. Auzoen arteko elkartasunean sinisten dugu, eta auzo guztiak biziberritu behar direla uste dugu. Andoaindar guztiok zerga berberak ordaintzen ditugu eta pena da Bazkardora joatea eta auzoa hilik dagoela ikustea. Zumea plazan eta Goikoplazan giro handia dago, eta giro hori auzo guztietara zabaldu behar dugula uste dugu. Baliabideak eskaini behar zaizkie auzo guztiei.
Pozik zaude aurkezten duzuen hautes zerrendarekin?
Bai, baina adierazi behar da hautes-zerrenda alderdian izena emanda daudenek aukeratu dutela. Aginte bat jaso genuen, “Mandar obedeciendo” delakoa. Neuk, Andoaingo zirkuluko idazkari orokor modura, alderdian izena emanda daudenen erabakiei men egiten diet.
Agintaldia amaitzen ari da eta zu zeu politikagintzan berria zara. Zein da, kanpotik ikusita, 2015-2019 agintaldiaz egiten duzun balorazioa?
Agintaldi honetan hobekuntzak egon dira eta positiboa izan dela ikus dezaket. Baina gabeziak ikusten ditut. Hainbat erabakien inguruan botoa eman da, baina garatu gabe geratu dira. Adibidez, Gazte plana egina dago baina garatu gabe geratu da. Jakin badakit prozedura bat jarraitu behar dela, baina ahal dela prozedura horiek murriztea nahiko genuke.
Udal etxebizitzen egitasmoa gauzatu arte denbora asko pasa da. Haur parkeak estaltzeko ekimena aspaldi onartu zen, baina estali gabe daude. Ea onartzen diren ekimenak arinago gauzatzea posible egiten dugun.
Hautes programari dagokionez zeintzu dira proposatzen dituzun neurri garrantzitsuenak?
Oso proposamen landua dugu, orrialde asko dituen txostena da. Lehenik eta behin zerbitzu publikoei garrantzia handia ematen diogu, bereziki udal administrazioan. Pribatizatu ziren Udal zerbitzuen azterketa egin behar da, berriro Udal zerbitzu bilakatu daitezen. Ezin da onartu enpresa batek Udal zerbitzua kudeatzea, zeren eta herritarren eta udalaren artean bitartekariak sartzen dira. Eta hor dirua galdu egiten da. Udalak hartu behar du ardura hori.
Azpiegituratan, Udal Liburutegia egitea premiazkoa da. Eta aparkalekuen arazoari irtenbidea eman behar diogu.
Auto elektrikoen aldeko apustua egiten dugu, eta horretarako ibilgailuen karga elektrikoa bermatzeko puntuak ezartzea proposatuko dugu.
Hautes programan bildutako beste ideia edo proposamen batzuk aipatuko al zenituzke?
Gazte plana garatu behar da, eta adinekoei begira, zahartzaroa eta bakardadea oso kezkagarria dela iruditzen zait. Egoera txiroan bizi diren adinekoek ez dute laguntza eskatzen, eta pobrezia energetikoaren kasuak hortxe agertzen hasten dira. Adinekoen zentsoa egin nahiko genuke, eta bakardadean daudenekiko kontrola areagotzea eskatuko genuke.
Zein da zuen aurreikuspena maiatzaren 26rako?
Ez dugu aurreikuspenik egiten.
Baina zein da zuen sentsazioa?
Oso sentsazio onak ditugu. Baina ez dugu aurreikuspenik egiten. Botoa emango digun jendea hurbiltzen zaigu, baina ez dago herri mailako ikerketa edo inkestarik.
Zergatik eman behar zaio botoa Elkarrekin Podemos alderdiari, igande honetan?
Gure egitasmoan sinisten dugulako. Herritarra erdigunean dugu, ez dugu bestelako interesik. Gure kudeaketa honestitate osoz egingo dugu. Ez dut aurretik egon den inor kritikatu nahi, baina uste dugu egin gabe dauden ekimen asko garatu daitezkeela. Biztanleen bizitza hobetzeko gauza asko egiteko daudenez, normala da gure egitasmoa onena dela pentsatzea.
Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer egingo duzue?
Emaitzen arabera ikusiko da. Hitz egiten hasteko garaia izango da. Gure kasuan, hitzarmenak egiteko garaian, Andoainen alderdian izena emanda daudenek erabakiko dute.