Zein ekarpen egin diezaioke PSE-EEk Andoaingo Udalaren gobernantzari?
Proiektu ezkertiarra, progresista, gertukoa, plurala eta errealista eskaintzen dugu. Pertsonengan eta bere gizarte-ongizatean oinarrituko den programa aurkeztu dugu.
Zer dela eta hartu zenuen berriro hautagai izateko erabakia?
Enpresa pribatutik politikara gerturatu nintzen, gauzak aldatzeko nahian. Norberaren ideologia zein den alde batera utzita, andoaindarrei gure bulegoa ireki diedan bezala, oraingoan Andoaingo Udalarena zabaldu nahi diet.
Azken lau urte hauetan zenbait aurrerapausu eman ditugu, izan dugun indarrarekin. Baina askoz gehiago aurreratu dezakegu, andoaindarrekin Andoainek behar duen aldaketa posible egiten badugu.
Zer da zuretzat Andoain?
Nire herria da, eta denon herria izatea gustatuko litzaidake.
Euskara bultzatzen duen herria; bizitzeko aukeratzen den tokia; herri bizia eta lan egiteko aukerak eskaintzen duen herria; leku seguru, anitz eta berdintasunezkoa; elkarbizitzeko herria; kanpokoek eta bertakoek gozatzera etortzeko aukeratuko duten herria.
Pozik zaude hautes zerrendarekin?
Gaztetasuna eta eskarmentua elkartzen dituen taldea osatu dugu, udalaren errealitatea oso ondo ezagutzen duena. Ideiak eta proiektuak ditugu eta zer egin behar dugun jakin badakigu. Oso harro nago.
Agintaldia amaitzen ari da. Nola baloratzen duzu 2015-2019 agintaldia?
EH-Bilduk ez du Udal baliabideen kudeaketa eraginkorra egin: 2017ko aurrekontua 23.039.076 eurokoa izan zen eta gerakina 5.395.709koa (“gastatu” gabe gelditu zena: %23a). 2018ko aurrekontua 22.209.642 eurokoa izan zen eta gerakina 8.497.877koa (%38a). Argi daukagu gerakina egon behar duela, baina ez portzentaia horietan.
Horrek, batetik, EH-Bilduren planifikazio eza izugarria eta kudeaketa kaskarra erakusten du. Eta, bestetik, EAJ-PNV, Ganemos eta IU Irabazi –orain Podemos-eko zerrendan dauden zinegotziak– alderdiei galdetuko genieke, aurrekontuak onartu ondoren, ze nolako jarraipena egin dioten… haiek ere bere erantzukizuna baitute.
Bestalde, 2016an Udalak 5.493.745,08 euroko mailegua eskatu zuen. Legegintzaldian zehar, diru guzti hori gastatu da eta 2018an, mailegutik 103.581,93 itzuli ditugu. Hau da: 2019an gastatzeko 0,00 gelditzen da eta 5.390.163,15 euro itzuli beharko ditugu. Horra, datuak: bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.
Zeintzu dira proposatzen dituzun neurri garrantzitsuenak?
Adinekoentzako zerbitzu gehiago: etxez-etxeko laguntza zerbitzuak zabalduko ditugu gure adinekoak era autonomo batean bizi daitezen. Esperientziaren Eskola sortuko dugu, haien bizipenak gal ez daitezen.
Gazteei begira, Gazteen Kontseilua sortuko dugu, asteburuetarako bereziki jarduerak dinamizatuko dituena. Beste ekimenen artean, Gazte Gaua sortuko dugu.
Emakumei begira gune beltzen mapa eguneratuko dugu eta 2018an proposatu genuen sexu-erasoen kontrako APP mugikorra ezarriko dugu. Emakumeen etxea martxan jarriko dugu ere.
Programako beste ideia edo arlo batzuk aipa itzazu.
Langabeziaren kontrako borroka gure nortasun-ezaugarrietako bat da. Eta horretan jarraituko dugu. Komertzio bizia behar dugu: ekintzaileentzako diru-laguntza lerroa sortuko dugu eta hutsik dauden lokaletan merkataritzako denda berriak ireki daitezen sustatuko dugu. Aldi berean, gaur egun dauden tokiko merkataritzarako baliabide gehiago bideratuko ditugu.
Turismo ekologikoa eta jasangarria nahi dugu: beste instituzio batzuekin lankidetzan arituko gara Leitzaran Parke Naturala izendatu izan dadin.
Andoaindarrek edukiontzi grisa nahi dutenean irekitzeko ahalmena izango dute, organikoarekin bezala; estali gabeko igerilekua eta txakurrak solte ibil daitezen guneak sortu, aparkaleku gehiago egokitu eta sustatu, pantaila akustikoak ipini… gauza asko daude egiteko.
Zein da zuen aurreikuspena maiatzaren 26ra begira?
Andoaindarren laguntzari esker apirilaren 28an, sozialistok Andoainen lehen indarra izatea lortu genuen. Berriro lortu nahi dugu. Lagun diezagutela hautestontziak boto sozialistez betetzen: Egizue posible berriro!
Zergatik eman behar zaio botoa zure alderdiari, igande honetan?
Maiatzaren 26an bi aukera daude: orain arte bezala jarraitzea edo aldaketa errealitate bihurtzea. Ez zaitez bitartekariengan fidatu eta argi izan: Alderdi Sozialistari emandako botoa da aldaketa bermatzen dizun bakarra.
Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?
Podemos-eko kideek jada adierazi dute lehentasunezko bazkide bezala EH Bildu aukeratu dutela. Hori entzuteak izugarrizko pena eman digula aitortu behar dugu.
Aldiz, gu alderdi guztiekin bilduko gara. Guretzako galdera ez baita zeinekin, zertarako baizik: programak izango dira gure abiapuntu.