Maider Lainez
Igande gauean bertan EH Bildu zoriondu eta PSE-EE alternatiba zela adierazi zuen, Aiurrin. Gaur, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, aldaketarako bere burua aurkeztu du: “Jendeak ikusi du alderdi sozialista oso indartsu dagoela Andoainen, eta jendeak EH Bilduren alternatiba gisa ikusten gaituela. Egia da gu bigarren indarra garela, baina baita ere jendeak aldaketaren beharra ikusten du eta gu ikusten gaituzte aldaketa horren lidergoa izateko. Gure programa izango da abiapuntua eta handik aurrera denekin hitz egiten hasiko gara, eta ikusten ea zer nolako aukerak dauden”.
Joseba Egibar
Gipuzkoako jeltzaleen buruzagiak Lainezen aurretik hitz egin du, politika orokorreko gakoan hitz egin duela ondoriozta daiteke: “Hauteskundeak galdu dituenak bere burua oposizioan ikusten du, hori berezkoa da. Pasaia eta Andoain bezala, udalerri gehiago daude Bizkaiko ezkerraldean. Alderdi sozialistak tentazioa eduki dezake beste alderdi batzuekin EAJ-PNV alboan uzteko. EH Bilduk ere Durangon EAJ-PNV alboan uzteko tentazioa izan dezake. Ikusiko da. Duela lau urte zioten Andoaingoak gainerako erabakiak hartzeko txispa piztu zuela. Gorka Urtaran Gasteizen ez zen PSE-EEren botoekin aurrera atera, beste batzuen botoekin atera zen alkate. Andoainen denok dakigu zer gertatu zen, eta etorkizunean ikusiko dugu zer gertatzen den beste udalerri batzutan. Bai Bizkaian, eta baita Gipuzkoan ere. Andoainen edo Pasaian ez dago ezertxo ere hitz eginda. Ez PSE-EErekin eta ezta inorekin ere. Guk etxe barruan egingo dugu gogoeta, baditugu puntu delikatu batzuk eta tratatu beharko ditugu”.
EH Bilduk agerraldia deitu du, eguerdirako.