2019ko udal hauteskundeak

“Herriak duen aniztasuna ikusita, Andoain gobernatzeko prest gaude”

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 28a, 13:51

Andoaingo Udal hauteskundeetan garaipen argia eskuratu zuen EH Bildu alderdiak gainerako alderdi politikoekin elkarrizketak abiatuko dituela iragarri du. Alvarez Lete alkategaiak gobernagarritasuna lortzeko herriak duen “aniztasuna” kontutan hartuko duela dio.

Bilgunea egin dute agerraldia, eta bertan Ana Carrere egungo alkatea eta Andoni Alvarez alkategaia izan dira. Haiekin batera, zinegotzi akta eskuratuko duten Esti Mujika, Jon Zulueta, Garazi Usandizaga, Xabier Fondon eta Julian Lopez.

 

Andoni Alvarezek eskertza adierazi du, igandean jasotako babesagatik. Gobernagarritasuna bermatzeko lanean hasi dela iragarri du, herriak erakusten duen aniztasuna kontutan haruz: “Andoain herri anitza da. Eta hiru sentsibilitate politiko nagusiak beti lehiatu dira parez pare. Oraingoan aldea nabarmenagoa izan da. Aniztasun hori kontutan izan behar da gobernatzeko”.

“Badugu gobernu programa aurrerakoi bat osatzeko ardura eta gaitasuna: Pertsonen beharretan zentratuta, ezberdintasun sozialak murrizteko pentsatuta dagoena. Aurrerakoia, euskaltzalea, feminista eta ekologista izango dena eta herriak behar dituen inbertsioak aurrera eramateko konpromisoa duena” gaineratu du.

Esti Mujikak hauteskundeen balorazioa egin du: “1979tik lehen indarrak atera duen emaitzarik onena da. “Herritarrek EHBilduren kudeaketa eredua babestu dute: eredu partehartzailea, gardena, hurbila eta arduratsua: egin ditugun zuzenketa eta inbertsioak egokiak izan direla baieztatu dute. Andoaindarrek EHBilduk proposatu duen hautagaitza plurala eta programa erakargarria hautatu dute”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!