Aukera bat merezi du
Apirilaren 28an eta maiatzaren 26an “Demokraziaren festa” bana izan zen Andoainen, hauteskunde bitartez. Biak ala biak, iritzi publikoan argi geratu zenez, garrantzia handikoak. Hauteskunde Orokorretan, eta baita Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetan ere, Andoainen normaltasuna nagusitu da. Andoain maite eta bizi dugun guztiok gara horren kontziente. Ordezkari politikoek ere, adierazpen ezberdinetan, normaltasun egoera hori nabarmendu nahi izan dute.
Bi hauteskundeak alderatzen jarrita, azpimarragarria da maiatzaren 26ko Udal hauteskundeetan alderdi batek eta bereziki hautagai batek jaso duen emaitza. Demokrazia garaiko boto kopuru handiena pilatu du, eta gainerako hautagaiei alde handia atera die. Herriak, demokrazia zuzenaren bitartez, oso epai argia eman die ordezkari politikoei. Gauzak horrela, herritarren mandatua jaso duten hamazazpi zinegotziei eskaera bikoitza egin nahi diegu: herritar gehiengoak adierazi duenari jaramon egitea, eta Andoaingo interesei eustea.
“Demokraziaren festa” ezin da hiru asteetara trukean erabiliko den txanpona bilakatu. Andoain normaltasunaren bidean murgilduta dago, eta andoaindarrek oso mezu argia eman dute: Datozen lau urteetako gidaritza hartzeko aukera Andoni Alvarez Leteri dagokio. Datorren ekainaren 15eko kargu hartze ekitaldiari begira, herritarren mandatua bermatzeko beharrezko diren pausuak eman beharko liratekeela uste dugu. Eman diezaiogun aukera bat herritarrek adierazitakoari.
* Sinatzaileak: Garbiñe Huizi, Xabier Sanchez, Ane Amondarain eta Benito Gaztañaga.