2019ko udal hauteskundeak

"Gure esku dagoen guztia egingo dugu Andoni Alvarezek larunbatean alkate makila har dezan"

Aiurri 2019ko eka. 10a, 13:59

“Ekainaren 15ean Andoni Alvarezek alkate makila hartu dezan lanean ari gara” izenburupean, Andoaingo EH Bilduk prentsa oharra argitaratu du. Saiatzen ari direla adierazteaz gain, alkategaia jasotzen ari den atxekimenduekin eskertuta agertu dira. Prentsa oharra:

"Maiatzaren 26ean egin ziren Udal eta Foru hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta, ordezkaritza lortu zuten alderdiekin elkarrizketak abiatu genituela iragarri genuen duela bi aste. Elkarrizketa horietan hauteskundeen emaitzen inguruko balorazioa partekatzeaz gain, EHBilduk osatu nahi duen udal gobernuaren baloreak eta lehentasunak zeintzuk diren azaldu ditugu.

Elkarrizketa horietan Andoain elkarrizketa eremua eta erabakiaren ardatza izan behar duela adierazi dugu. Izan ere, kanpaina osoan zehar Andoainerako proposamenak eta ordezkaritzak defendatzen aritu gara alderdi guztiak, eta behin herritarrek hitz egin dutela, kezkaz ikusten dugu gure herriaren inguruko erabakiak Andoaindik kanpo hartu nahi direla dirudielako.

Bestalde, azken egunetan Andoaingo kaleetan eta sare sozialetan “2823 mugimenduaren” izenean hainbat ekimen ikusi ditugu. Hunkituta eta itxaropentsu ikusi dugu ekimen honen sorrera. 

Lanean jarraituko dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugu herritarrek hautestontzietan emandako hitza bete dadin eta Andoni Alvarezek larunbatean alkate makila hartu dezan". 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!