2019ko udal hauteskundeak

Bi aukeren artean

Jon Ander Ubeda 2019ko eka. 13a, 12:21

Andoni Alvarez Lete edo Maider Lainez, datozen orduetan argituko da misterioa. Begirada guztiak EAJ-PNVrengan jarrita daude, eta badirudi PSE-EErekin akordioa lor dezakeela. Lehen bozketan Lainezek 9 boto behar ditu, eta hori jeltzaleen babesarekin bakarrik lor dezake.

Larunbatean, goizeko 10:00etan, kargu hartze ekitaldiari ekingo zaio. Eta hortik aurrera abian jarriko da 2019-2023 agintaldia.  Gauzak lehenago argitzen ez badira, eta hirugarrenez jarraian, alkatetza alde batera edo bestera bideratzeko erabakia EAJ-PNV alderdiaren esku egongo da. Andoainen ordezkaritza lortu duten zinegotziak 17 dira, eta lehen bozketan 9 boto behar dira. Kopuru hori lortzen duen hautagaiak alkatetza lortuko du. Hori lortu ezean, maiatzaren 26an hauteskundeak irabazi zituen alderdiak eskuratuko luke aginte-makila. 

Azken aste hauetan alderdien artean batzar eta bilera ezberdinak izan dira, eta ziurrenik bihar bertan aditzera eman daiteke jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa. Bideratuta dagoela dirudi, baina lehen ere Andoaingo politikagintzan ezustekoak izan dira. Bat edo beste izan, alkate berriak aginte-makila eskuetan hartu arte zain egon beharko du.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!