Herritarrek, alderdi ezberdinen kideek eta kazetariek lepo jarri dute udalbatza, eta kanpoan ere hainbat jende geratu da ezin sarturik. Udalbatzan zehar, Maider Lainezek zein Andoni Alvarezek txaloak jaso dituzte euren mintzaldiak egin ostean.
Behin udalbatza amaiturik, Lainez musu eta besarkaden artean hartu dute udalbatzara hurbildu diren bere alderdikideek eta zenbait herritarrek.
Aretoan bertan Maider Lainez Alkateak eta Mari Jose Izagirre EAJko bozeramaileak adierazpenak eskaini dizkie kazetariei. Bien bitartean, EHBilduko zazpi zinegotziak kalera irten dira; udaletxe atarian herritar ugari zain zeuzkaten, eta txalo artean egin diete harrera. Alvarezek eskerrak eman ostean, Andoaingo herritarren alde lan egiteko konpromisua helarazi die guztiei.
Maider Lainez alkatearen lehen hitzak
Ana Carrere alkate ohiak eman dio aginte makila Lainezi, udalbatzan. Alkate berriak, sentsazio pertsonalak aipatuz ekin dio mintzaldiari: “Mila esker, hemen gerturatu zareten guztiei. Andoaingo alkatea izendatu izanak izugarrizko sentsazioak eragiten dizkit. Horien artean, andoaindar guztiak irudikatzea dakarren harrotasuna, ardura eta ohorea azpimarratu nahi nituzke. Hain berezia den egun honetan, zuen aurrean ondorengo konpromisua hartzen dut: Andoaingo herritarren alde buru belarri lan egingo dudala, ilusioz, adorez eta ahalegin osoz. Guztien alkate izan nahi dut, eta horretarako, gaur hartu dugun bide honetan, denok nire ondoan egotea eta laguntzea nahi dut. Zuen alboan aurkituko nauzue, zuengandik hurbil. Zuen iritziak eta kexak entzunez eta erantzunez. Gure udala, udal irekia izan dadila nahi dut. herritarren partaidetza bere politikaren ardatz zentrala izanik. Pertsonengandik hurbil egongo dena, herritarren beharrekin sentibera izango dena, eta batez ere, herritarren beharrei erantzungo diena, inor bazterrean utzi gabe. Eta garrantzitsuena, aurrean daukagun lana aurrera ateratzeko, ez nago bakarrik: talde anitza osatu dugu. Gure ezberdintasunak alde batera utzita, elkarrizketarako prest dagoen gobernua lideratuko dugu. Elkarlanean oinarrituko dena, konprometituta egongo dena eta Andoaingo interes orokorra defendatuko duena. Gure lehentasunak argi daude, Andoain, andoaindarrok, eta datorkigun etorkizuna, Guztia martxan jar daitezke eta jar gaitezen denok lanean”.
Andoni Alvarez: gazia eta harrotasuna
Ondoren, Andoni Alvarez EHBilduko hautagaiak hartu du hitza.
“Lehenengo eta behin, Maider Lainez zoriondu nahi dut. Gaur gazia da eguna guretzat, eta ezin dugu ezkutatu. Maiatzaren 26an Andoaingo herritarrek inoiz alderdi batek udal hauteskunde batzuetan atera dituen emaitzarik onenak eman zizkiguten. Zortzi urtetako kudeaketaren ondoren, gobernuan egon den alderdiak %33aren igoera jaso zuen. Herritarren mezua argia izan zen: gu nahi gintuzten gobernuan beste alderdiekin elkarlanean. Baina maiatzaren 26tik aurrera gertutakoak ez dauka zerikusirik lehen aipatutakoarekin. Lehen momentutik, emaitza hau onartu ez, eta porrota estali nahian, aritmetika elektorala eskaintzen duen aukerari esker, kanpaina elektoralean zehar ezkutatutako paktu bat indarrean jarri dute. Herriak aldaketa eskatzen duela esaten duten eta hori eskatzen duten alderdien boto kopuruaren batura jaitsi egin da, eta aldiz, aldatu beharreko alderdi horrek, inoizko babesik handiena lortu du 700 boto igota. Eta hauxe da gure ustez, paktu hau egiteko arrazoi nagusia. Gure proiektua eta gure kudeaketa ereduaren, eta gure hautagaitzak duen onarpena eta izan dezakeen hazkundearen beldur dira batzuk, eta horixe mozteko egin dute paktua.
Baina gazia izan dela ezkutatu gabe, harrotasunerako eguna ere bada gaurko eguna. Harrotasuna azken urteetan egin dugun kudeaketagatik, harrotasuna lortutako emaitzagatik, harrotasuna azken asteetan herritarrengandik jaso dugun babesagatik, eta harrotasuna negoziazioetan hartu dugun jokaera zintzo eta gardenagatik.
Badugu herri proiektu bat, eta hori izan da elkarrizketatan erabili dugun proposamena. Proposamena ona dela onartu digute, baina baztertu eta oraindik inork ezagutzen ez duen proposamena baten aldeko hautua egin dute.
Gaurtik aurrera orain arteko jarrera eraikitzailearekin jarraituko dugu, badakigulako gure proiektua dela herritarren gehiengoak nahi duena. Eta gure proiektua eta herritarren iritzia izango dira, gure oposizio jardunaren oinarriak. Bukatzeko, azken egunetan asko izan zarete, haserre, triste, ezin ulerturik etorri zareten herritarrak. Haserre eta tristura hori indar bilakatzeko esan diguzue, eta zuek emandako indarrarekin jarraituko dugu tinko eta zorrotz Andoain hobeago bat Euskal Herri librea batean sinesten dugulako”.
Teresa Santano Ahal Dugu alderdiko zinegotzia izan da udalbatzan mintzatu den azkena. Udal autonomia aldarrikatu du, eta guztien aldeko jarrerak eskatu ditu Andoain eta andoaindarren mesederako. Berdintasunean, justizian, feminismoan eta ekologismoan sinetsiko duen Andoain baten alde hitz egin du, langabeziaren eta matxismoaren aurka lan egingo duena. Aldi berean, adierazi du herritarren parte hartzea bultzatuko duen udala behar dutela herritarrek. Horretarako, beharrezkotzat jo du proposamenak eta ideia jasoko dituen udalgintza. Besteak beste, erreferendumaren formula aipatu du, herritarren interes orokorreko gaietan aplikatzeko egokitzat jota.
Izagirrek paktua goretsi du
EAJ alderdia izan da udalbatzan hitza hartu ez duen alderdi bakarra. Udalbatza amaitu ostean Mari Jose Izagirre EAJko bozemailea mintzatu da kazetarien aurrean, eta hona zer adierazi duen: “Lehenbizi zorionak alkate berriari eta zinegotzi izendatu izan diren berriei. Garai berri bat hasten da, PSE eta EAJren arteko akordioa lortu izan da. Gobernagarritasuna bermatuko duen akordioa eta partehartzailea izango dena, eta honako zutabeak izango dituena nagusiki: akordioak, hitza, bizikidetza eta errespetua guztien artean. Andoaindar guztien onerako paktua izango da, eta nahi genuke andoaindarrek parte hartzea hor. Betiere guk ematen dugun errespetua jaso nahi genuke guztiengandik ere”.