Olagain txistularien elkartea 1979an osatu zenetik, txistuaren hotsak ez du etenik izan Andoainen. Urtean zehar amaigabea da txistularien elkarteak eskaintzen dituen emanaldien zerrenda. Elkartea beti agertu izan da prest txistuaren hotsa zabaltzeko han hemen, era guztietako jai eta ospakizunetan. Batzuetan, elkartea bera da antolatzailea (kontzertuak, kalejirak…), eta besteetan herriko kultur eta gizarte elkarteekin elkarlanean aritzen da (Axeri Dantza, Puska biltzea, Alberto Agirre abesbatza, Etxeberrieta, Sorabilla, Kaletxiki eta Santa Krutz auzoetako jaiak…).
San Juan jaiei erreparatzea besterik ez dago txistulariek jaietan hartzen duten garrantziaz ohartzeko. Aski nabaria da elkartearen presentzia egitarauan; azken egunean ez gainerakoetan, badauka zer eginik. Ostiralean bertan, eta txupinazoaren aurretik Olagain elkarteak kalejiran parte hartuko du Gora Kaletxiki txarangarekin, Buruhandi eta Erraldoien konpartsarekin, eta Urki dantza taldearekin batera. Txupinazoaren tradizioarekin kunplituko du ondoren, udaletxeko balkoira igota. Biharamunean, kontzertua eskainiko du Goikoplazan, 20:00etatik aurrera. Larunbatean, San Juan Alkatearen eta udalbatzaren Soka-dantzan jo behar dute, Goikoplazan; eta segidan, kalejiran abiatuko da San Juan zortzikoa joz, eta Etxeberrietatik Goikoplaza bitarteko ibilbidea eginez. Azkenik, Axeri Dantzari musika jarriko dio, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
1979an sortutako taldea
Mendeetan atzerago joanez gero, agiri zaharrek adierazten digute txistuak eta txistulariek beti eduki dutela bere tokia Andoaingo kaleetan. XX. mendera etorrita, gora beheratsua agertzen zaigu txistularien presentzia. Jose Luis Etxeberria txistulariak Aiurri aldizkariari 2008ko Sanjuan jaien bezperan kontatu izan zionez, frankismoan, urte askotan, Andoaingo herriak ez zuen txistulari talderik eduki, modu egonkorrean jotzeko lain. “Aitona, Angel Urrutia, txistularia genuen. Inaxio eta Jorge Aizpuruarekin Andoainen urtetan jo izan zuen. Etxean beste inork ez zuen jotzen, eta nire artean “nik jo behar diat” esan eta hasi nintzen, etxeko tradizioa ez hausteko. Gero gure aitona hil zenean, aizpuruatarrak ere zahartu eta utzi egin zuten erabat txistua. Urte mordoska batean ez zen txisturik ez ezer izan herrian…”.
Euskal kulturarentzat frankismoa garai nahiko iluna izan arren, Andoainen baziren, aldian-aldian, txistuaren hotsa berpizten zuten herritarrak. Zenbait aipatzekotan, Laborde lantegian txistua jotzen ikasi zuten ikasi Emilio eta Ramon Truchuelo anaiak, Pio eta Joxe Mari Huizi, Joxe Goikoetxea eta Pablo Etxeberria hartu behar ditugu gogoan, edota, Lizar Makil dantza taldearekin batera aritu ziren Jexux Mari Otamendi, Xabier Esnal, Iñaki Arin eta Jose Antonio Zalakain.
1979 urte mugarria gertatu zen txistuarentzat Andoainen, orduan sortu baitzen txistularien banda egonkorra, Jose Luis Etxeberriaren ahaleginari esker batik bat. Etxeberriak berak eman zuen aditzera banda osatzeko asmoz egin ziren mugimenduen berri, goian aipatu elkarrizketan: “Labordetik atera ginen garaian izan zen, 1979ko maiatzean. Baxoerditako lagunekin atera zen dena, badakizu. Nola ez zegoen txistularirik herrian, Goikoetxeak txistua jotzeko eta jotzeko eskatzen zidan. Bitartean, aldamenetik Fidel Arrietak esaten zigun: “zuek bai kontua eta zikina, baina ez duzue ezer egingo!”. Langabezian geunden eta, “oraintxe dek okasioa!”, esan eta ekin genion taldea osatzeari. Pio eta Jose Mari Huizi anaiak, Felix Martinez de Lezea, Ramon Mendiluze, Jexux Mari Otamendi, Xabier Esnal…, jendea biltzen joan ginen pixkanaka”.
Bandara gazte jendea erakarri zuten, segidan. Batik bat, Aita Larramendi ikastolan Huizi, Otamendi eta hiruek ikasle izan zituztenak: Xabin eta Jon Mikel Mujika anaiak, Jon Lizarribar, Xabier Jauregi, Xabier Ansa, Iñaki Egibar…
1979an sortu zen Andoaingo txistularien banda Gabonetan atera zen lehenbiziko aldiz kalera. Geroztik konta ezin ahala emanaldi eskaini ditu, hiru zuzendarien esanetara jarrita: Jose Luis Etxeberria (1979-1988), Javier Hernandez (1988-2011), eta Joxema Setien (2011-2019). Setienen eskutik taldeak norabide berria hartu duela esan daiteke; errepertorioa musika estilo ezberdinetara zabalduz eta herriko musikari eta kulturgileekin elkarlanean jardunez.