Nondik datorkizu ardoarekiko zaletasuna eta jakinduria?
Beti oso presente eduki dudan arloa da. Gaztea nintzenean nire gurasoek ardo biltegi bat zuten, beraz ardoari buruzko gauzak entzuten nituen. Ez hori bakarrik, beti gustatu izan zait zapore berriak dastatzea, batez ere, jakin-min handiko pertsona naizelako. Hala ere, nik uste dut familia-loturak garrantzi handia eduki duela. Gainera, mundu hau oso interesgarria iruditzen zait ikasteko eta ezagutzak neureganatzeko.
Ardoaren munduan aritzeko ikasketak egin dituzu?
Duela hiruzpalau urte blokeo batean nengoen; afizio handia nuen, baina nire kabuz informatzen nintzen. Liburuen eta artikuluen bitartez egiten nuen ardo munduaren jarraipena. Orduan, nire bikoteak kurtso ofiziala egitera animatu ninduen, nahiz eta ardoari buruz gehiago jakin ez, badakizula akreditatzen zaituen horietakoa.
Hortaz, Donostiako Udalak antolatzen zuen ikastarora joan nintzen. Bertan, Juan Mari Ormazabal irakasleari ardo munduan dauden aukeren gainean galdetu nion. Inguruan gauza handirik ez zegoenez, WSET erakundeari buruz hitz egin zidan. WSET erakundeak akademien bidez kurtsoak antolatzen ditu munduan zehar, eta erakundea mailaka antolatzen da. Hau da, lehen maila oinarrizkoa da; bigarren maila, nik dudana, sakontasun gehiago eskaintzen du; eta hirugarren maila, esparru profesionalean aritzen direnek egiten dute. Hirugarren mailatik aurrera, jakintza maila izugarria eskatzen da.
Nik nire aldetik asko ikasten dut, baina hirugarren maila lortzen dudanean argi geratuko da ardoari buruz badakidala. Gauzak horrela, bizpahiru urtetan eskuratzen saiatuko naiz.
Ekimen ugari egiten dituzue...
Gure hasierako planteamendua honako hau zen: Doctor Huizin dugun lokalean zuzeneko zerbitzua jasotzea, etxez etxeko zerbitzua eskaintzea, eta elkarteetan, festetak eta zenbait erakundetan ardo dastaketak egiteko aukera ahalbidetzea. Denborarekin, ikastaroak ere eman nahiko genituzke. Agian ez arlo profesionalean, baina ibilbidea eduki dezakeen zerbait dela pentsatzen dut, interesa pizten duen gai bat delako.
San Juan festari begira, ardo dastaketa nolakoa izango da eta zer eskainiko duzue?
Pasa den urtean dastaketa itxia antolatu genuen, hau da, 5 euro ordainduta ardo zuri, gorri eta beltza dastatzeko aukera ematen genuen. Aurten, ekitaldiaren planteamendua aldatu dugu, eta hiru ardo egongo dira aukeran: Galiziako ardo txuria, Ribera del Dueroko ardo beltza eta, azkenik, Cava. Azkeneko hori nire apustu pertsonala izan da, bereizgarria den zerbait sartzeko.
Otordu bakoitzeko ardo ideala zein den esango zenuke?
Jendeak ohiko nahasketetara jotzen du, ia gehienetan. Ardoaren arabera, janari mota batekin edo bestearekin jatea interesgarria da. Hau da, urteko ardo txuria arina bada, oso ondo doakio janari arinekin, esaterako entsaladarekin nahastea; ardo beltzari, berriz, ondo doakio urdaiazpikoa edo txorizoa.
Guztiari oreka bilatu behar zaio, baita ardoaren munduan ere. Niri bereziki izugarrizko nahasketa iruditzen zait ardo zuriarena eta gaztarena. Adibidez, Idiazabal gazta ardo txuriarekin nahastean oso zapore bereziak ateratzen dira. Jendea ikertzera eta deskubritzera bultzatu behar da.
Nola erakarriko zenuke ardoa gustuko ez duen jendea?
Bertaratzen zaidana harritzen saiatzen naiz. Jendeak ardoa gustuko ez duela esaten duenean, gehiengoari ardo beltza etortzen zaio burura, oso sendoak direlako. Ardo gozoen mundua harrigarria da, nahasketa oso bereziak egin daitezkeelako.
Jendea harritu egin behar da eta pausoz pauso desmuntatu pentsatzen duena, hor dago gakoa. Ardo beltza gustuko ez duenez, beste ardo mota batekin txunditu beharko zaio. Ezinbestekoa da ere, ardo ona edatea, askotan kaskarra dena edaten baitugu eta, horrek, ardoarekiko ikuspegia aldatzen baitu.