Hainbat rol bete behar izan zituzten bertsolariek, umoreari eta hausnarketari bidea emanez: Alberdi marrazkilaria eta Elortza bezeroa; Elortza, beste alderdien paktuek baztertu duten alkategairik bozkatuena; Sarriegi eta Alberdi, aita-alabak, bideo jokoen inguruko eztabaidan; Enbeita, kritikak jasoko dituen arren iritzia emanez idazten jarraitu nahi duen kazetaria; Egaña eta Laburu, komenturik gabe geratu diren bi fraide; iritzi kontrajarriak Amancio Pradaren dohaintzaren aurrean, Alberdi alde eta Egaña aurka. Punttuka bertso eskolako haurrek ere hainbat puntu zirikatzaile jarri zizkien zenbait bertsolariei, tartean Egañari, bere burusoiltasuna dela eta. Momenturik xelebreena, gai jartzaileak sei bertsolariak puntuka librean jarri zituenean gertatu zen. Saioan zehar, bertsolariak nahastu samar ibili ziren, nork hasi eta nork buka garbi jakin gabe, eta elkarri traba eginez. Xelebrea bezain umoretsua irten zen saio hori, bertsolarien ofizioari esker.
Oso txalotuak izan ziren Enbeitak bota zituen hiru bertsoak, Ormaetxea gai jartzaileak honako gaia jarrita: “Zu kazetaria zara, badakizu idaztera zoazenak eztabaida piztuko duela, baina erabakia hartua daukazu. Berdin-berdin idatziko duzu”. Gogoan izan Enbeita albiste izan dela azken egunetan, Berria egunkarian egunero idazten duen zutabean Che Guevara auzitan jarri zuela-eta jaso dituen kritikengatik.
Papera zuri dagoenean
bat ez dago beti lasai.
Polemikoak izan daitezke
ikusten diren mila gai.
Ta inguruan usaitzen dira
buelta-bueltaka hainbat sai.
Nor zertan ari den eta zeinek
hanka sartuko duen zai.
Hitz egiteko beldurrez baina,
enuke beti bizi nahi (bis)
Objetiboa izan nahi hortan
ez dakit zenbat alegin,
baina bizitza ikusten dugu
nork bere antijuekin.
Zalantzan jarri behar da dana,
maite duguna ere berdin.
Beti ezin da zalantzan izan
etorriko den horrekin,
ze egunero oheratzen naiz
ni neure buruarekin (bis).
Idatzi baino len erantzuna
zein izango den badakit.
Eta gainera emakume naiz,
beraz badakit zergatik.
Baina kontzientzi gogorra berez
nik zerietik dakarkit.
Idatziko dut uste dudana
beti lez erraietatik,
ta eguzkia aterako da
eguneroko tokitik (bis)