Manu Izagirre Aldundiko arkeologia saileko arduradun ohia eta Burdina taldeko kidea zendu da

Jon Ander Ubeda 2019ko uzt. 20a, 08:30
©euskonews

Burdina taldekoek, maiatzean Bekaiztegin egin zuten urteko batzarrean, Izagirre honako hitzekin omendu zuten: "Aldunditik erretiroa hartu zuenetik, urtetan pilatutako ezagutza eta eskarmentua Burdinari eskaini dizkio, eta miresgarria da erakutsi izan duen jarrera hori”.

Urteko batzarrean egindakoaz eta egitear dagoenaz hausnartzeaz gain, bi kide bereziki nabarmendu zituzten. Batetik, Aranzadi elkarteko Alfredo Moraza arkeologoa. Eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare historikoaren sailean teknikari gisa urtetan jardun duen Manu Izagirre (Donostia, 1949-2019). Burdina taldekoen aitortza jasota zendu da.

Burdina taldearen eskertza-oharra

"Manu Izagirre Lacoste taldekidea zendu zaigu. Sentitzen dugun saminaren gainetik berarekiko dugun eskertza eta maitasuna agerian jarri nahi dugu.

Manu Izagirre, Aldundiko arkeologia saileko buru izan zen, orduan izan zituen Burdina taldearekin harremanak. Jubilatu ostean ertsiki lotu zen Andoaingo taldearekin aholkulari moduan hasiera batean, eta ondoren bat gehiago moduan erabat murgilduta ondare historikoa berreskuratze eta jakinarazten lanetan.

Gipuzkoa mailan oso ezaguna zen ondare historiko esparruan, besteak beste berea izan zen XVI. mendeko Zeraingo errota eta zerrategiaren berreskuratze zuzendaritza ardura.

Berak izan zuen XVI. mendeko Albaolako San Juan bale arrantzarako itsasontziaren pezioaren planoak marrazteko ardura urpeko arkeologi lanetan. Denboraldi luzeak egin zituen Kanadan orain Albaolan oinarri dituzten planoak marrazten.

Pertsona jantzia eta emankorra zen gure Manu, beti erakusteko prest umiltasun giroan, inguruan zituen entzulegoaren mailara egokituz.

Ate asko ireki zizkigun, pertsona ugariekin harremanetan jartzeko erreztasunak emanez. Asko zor dio Burdina taldeak Manu Izagirreri.

Agur eta ohore maisu!

Agur eta ohore lagun!".

Burdina taldeko kideak

 

[Hemeroteka] Manu Izagirreri Euskonews hedabidean elkarrizketa interesgarria egin zioten.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!