Etxeberrietako jaiak 2019

Nesken mailako atletismoan aitzindariak

Xabier Lasa 2019ko uzt. 28a, 08:47
Belaunaldi hartako zenbait korrikalari, egun, Pakitin Arnaizekin batera. Atzean, ezkerretik eskuinera: Ixiar Audikana, Maite Oiartzun eta Gema Arratibel. Aurrean, Elena Audikana, Olatz Irazu, Aintzane Etxeberria eta Nekane Iguaran

1970 eta 80ko hamarkadatan atletismoan nabarmendu zen nesken gazte taldea omenduko dute aurtengo San Inazio jaietan. Bixente Huiziren esanetara, ibilbide loriatsua egin zuten.

Iraganean kirolaren munduan nabarmendu arren, ahaztuxeak dauden Andoaingo kirolariak gogoan hartzeko ohitura dauka Etxeberrietako jai batzordeak, eta asmo horri eutsi dio aurtengoan ere. Hain zuzen ere, Bixente Huizi kirol eragile nekaezinak zuzenduta, atletismoan trebatu zen Aita Larramendi ikastolako neskato taldea nabarmenduko dute jaietan. Cabrejas memorialeko krosaren ostean antolatu den omenaldi-ekitaldian izango da hori, San Inazio egunean. Atletismoko hainbat modalitatetan aritu zen neska kuadrilla, eta horietako zenbait nahiko urrun iritsi zen lehiaketa ofizialen munduan, Gipuzkoa, Euskadi eta Estatu mailan.

1967-1969 urteen bueltan jaiotako emakumeak izan ziren, belaunaldi jakin bat osatu zutenak. Hona zeintzuk: Agurtzane Ormaetxea, Agurtzane Usandizaga, Amaia Zalakain, Gurutze Ansa, Ixiar Audikana, Elena Audikana, Izaskun Jauregi, Leire Ibañez, Maite Oiartzun, Nekane Iguaran, Olatz Irazu, Patrizia Urdanpilleta, Aintzane Etxeberria eta, Gema Arratibel.

Argazkia: Emilio Truchuelo

Aitzindariak, kirolean

Gaurko begietatik ikusita sinestea kosta egiten den arren, 70eko hamarkadan emakumeek ia-ia aukerarik ez zeukaten kirola praktikatzeko. Andoainen behintzat, soilik Karmele Lekuonak egiten zuen kirola, galtza motzak jantzita modu jarraituan entrenatuz; lasterketetan goi mailako kirolaria izatera iritsi zen gainera. Omentzera doazen neska kuadrilla hori aitzindaria izan zela esan daiteke, hortaz. Gogoan hartu behar da Maria Luisa Irizar korrikalari handiak gainerako horiek baino geroxeago ekin ziola lasterketaren ibilbideari; 1979an izan zen hori, Bixente Huizik, Pakitin Arnaizek eta beste zenbaitek, Zumeatarra gastronomia elkartearen gerizpean, atletismoko saila eratu zutenean; atletismorako eskaintza herri osora zabaldu zuten era horretan. Garai bertsuan jaio zen Leizaran eskubaloi taldea; emakumeen saila sortzearekin batera, emakumeentzat ugalduz Andoainen kirola egiteko aukerak.

Kirola eginez eta gozatuz

Iraganeko kontuak berritzeko, orduko nesketatik zenbait Kotoi elkartean bildu ziren joan zen ekainean. Bixente Huiziren eginkizuna gorapaitu zuten denek ere. “Ikastolan soinketaz arduratzen zen, eta egundoko ahalegina jartzen zuen gazteek kirola, eta atletismoa batik bat, praktika genezan. Eragile izate horretan, laguntzaile batzuk ere bildu zituen bere egitasmora; hala nola, Karmele Lekuona, Luis Jabier Ronco eta Ane eta Jon bere seme-alabak”. Huizik praktikan jartzen zuen filosofia izan zitekeen sekretua, hainbeste neska bil zitezen atletismora. “Argi zeukan emakumeengan indartu egin behar zela atletismoa. Bizkorrago ala makalago aritu, hori bigarren mailakoa zen berarentzat. Kontua geldirik ez egotea zen. Gainera, gozoa zen gizona, pazientzia handikoa; adibidez, hesi-lasterketako hesia altuegitxo ikusita kezka agertzen bazenion, berak agudo kenduko zizun presioa: “Lasai, jeitsiko degu hesia, eta egin salto lasai”. Harentzat, gozamena zen kirolarekin lortu beharreko helburu nagusia”. Bere aginduetara zeuden gazteak atletismoko modalitate guztiak praktitzera jartzen zituen Huizik, pertika-jauzia ez gainerako guztiak. Eta proba mordoa egin ostean, norberak zeuzkan ezaugarri eta gogoen arabera lotzen ziren, pittin bat espezializatzera jotzen zuten. Lehiaketa ofizialen eremuan, kadete eta jubenilen mailan aritu ziren lehian gehienak, eta OHOko ikasketaren osteko urteetan edo unibertsitatean sartzeko atarian esan utzi zuten atletismoa. Garai hark oroitzapen gozoak eragiten dizkiela eta Huizirekin oso eskertuta daudela aitortu dute denek ere.

Nolanahi ere, kirolarekin ezeren aurretik gozatzearen aldeko filosofia horrek talka egin beharra zeukan goiz ala berandu, lehiaketa ofizialak eta marka pertsonalek berebiziko garrantzia hartzen hasten ziren une berean. Eta halaxe gertatu zen taldeko zenbaitzurekin, Estatu mailan punta-puntan ibiltzera iritsi zirenekin. Esate baterako, Nekane Iguaran (3.500 eta 5.000 metroak), Olatz Irazu (martxa) eta Gema Arratibelekin (pisua eta disko jaurtiketa). Gipuzkoako federazioko entrenatzaileen aginduetara jarri ziren, eta diziplina gogorrera makurtu behar izan zuten. Iguaranek eta Irazuk batik bat, nahiko gogaituta amaitu zuten ibilbide berri harekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!