Etxeberrietako jaietan aldaketa handia eman da, urte batetik bestera. Iazkoan bost eguneko ospakizunak antolatu zituzten, eta aurtengoan egitarau osoa bi egunetan metatu dute. Aldaketak mesede egin diola dirudi, bi egunetan zehar Etxeberrietako jai eremura auzotar eta herrikide asko hurbildu baita. Lehen eguneko haur jolasetan edota haur ikuskizunean antzeman zitekeen hori. Herrikideen gerturatze hori biderkatu eign zen arratsalderako, dozenaka andoaindar hurbildu baitzen auzoen arteko sega desafioaz gozatzera. Alfaro parkeko belardia kokapen ederrean dago. Lastima, ordea, zelaia belar txarrez beterik zegoela. Kirol lehia izan bazen ere, euskal kirolaren inguruko ospakizuna izan zela esan daiteke. Desafioa amaitzen ari zela, auzoko danborradak bere ibilbide klasikoa egiteari ekin zion. Aita Larramendi kaletik Belabi aldera joan ziren, eta Txitibar plazatik Etxeberrietako jai gunera itzuli ziren. Danbor eta txaranga doinuak iritsi ahala, afaria egiteko parrilla prestatzen ari ziren. Azpiegutra jai batzordeak ipini zuen, eta norberak bere etxetik ekarri behar zuen haragia. Proposamenak harrera ona izan zuen auzotarren aldetik, askotxo izan baitziren uda giroko afaria egitera hurbilu zirenak.
San Inazio egunak, parte hartzeari dagokionez, lehen jai egunaren bidetik jarraitu zuen. Askotxo izan ziren Eula, Zabala, Gaztañaga, Otsua-Enea eta beste zenbait sagardogileen edariaz gozatzera hurbildu ziren herrikideak. Sukaldean pintxo ugari egin zituzten, sagardoaren edalontziarekin batera banatzeko. Auzo bazkaria azken urteetako bidetik joan zen, eta dantzaldiarekin eta sardin jatearekin parte hartze handiko jaiei amaiera eman zieten.