Andoaingo Txirrindulari Eskolakoen poza

Barberena eta Mikel Iturriaren anaia Jon, Irrintzi tabernaren kanpoaldean

Jose Luis Barberena eskolako alma materra da. Irrintzi tabernan dago, egunero egiten duen bezalaxe. Atzo etapa tabernatik bertatik ikusi zuen, eta bera izan zen Marian Mikelen ama zoriondu zuen lehenetakoa.

Txikitatik ezagutzen du Mikel Iturria, Andoaingo Txirrindulari Eskolan eman baitzituen lehen pausuak.

Zorionak Barbe, dagokizuenagatik. A zer nolako garaipena atzokoa.

Eskerrik asko. Mikelek Vueltaren hasieran adierazi zuen atzoko etapa begiz jota zuela. Eta egia da buruan sartzen zaion horrekin tematzen dela, eta behintzat saiatu egiten dela. Tira, diesela dela diote. Bai, diesela da, baina garaipena eskuratu du. Ihesaldian sartu zen, eta ihes egin da irabazi du. Horrelako garaipenak lortu ditu Aiztondo klasikoan edota jubenil mailako hainbat probatan.

Oso langilea da, eta ondo merezitako garaipena lortu du. Gaizki pasa du, une txarrak igarota. Baina borroka egin du, eta garaipena lortu. 

Bere garaipena oso garrantzitsua da denontzat. Andoaingo Txirrindulari Eskolari bultzadatxoa emango dio. Oso oinarri ona dugu, lan talde bikaina, eta atzokoa lagungarri izango da. Eskolatik atera baitzen Mikel.

Nola gogoratzen dugu atzoko etapa?

Irrintzi tabernan nengoen, kafea hartzen. Lasterketan zehar, azken kilometroetan, iheskideek bat eginez gero Lastrasek irabaziko zuela nioen. Une horietan batzuk eta besteak metro gutxiko aldeari eusten zioten. 800 metro falta zirenean Marian amari esan nion, “Marian, Mikelek garaipena lortuko du”.

Alde handia dago, protagonista izatetik garaile izatera.

Halaxe da. Bigarren postua lortzen duenarekin ez da inor akordatzen. Atzokoak konfiantza handia emango dio, berak akaso askotan ez du bere buruarengan gehiegi sinesten baina oso langile ona da. Oso gregario ona da. Eta tarteka aukerak ematen badizkiote, gauza handiak egin ditzake.

Zorionak, eta lanean jarraitu.

Eskerrik asko. Eskolarekin lanean jarraituko dugu, bai. Horretarako gaude.

Erlazionatuak

Mikel Iturriaren etxekoen irrintzia

Eskualdea

Mikel Iturria txirrindulariaren familia Andoaingo Ama Kandida etorbideko Irrintzi tabernaren jabe da. Taberna izanik, beti behar da norbait negozio...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!