Gazteleku pilota eskolakoak dira biak; poliki aritzen dira palan, eta jada aurten hasiak dira nabarmentzen: Gipuzkoako txapela jantzi dute larruzko modalitatean 22 urtez azpikoen mailan, eta Iturzaeta Memorialeko finalera iritsi dira. Hain zuzen, larunbat honetan final horren errebantxa jokatuko dute Sorabillako frontoian. Hiru urte dira bikote gisa jokatzen hasi zirela txapelketan, Poncek adierazi duenez. “Urtez urte hobetzen ari gara, eta badaukagu zer ikasia eta zer hobetua oraindik, baina inola ere ez genuen espero finalera iristea; ezustekoa izan zen guretzat eta gainerako jokalarientzat. Izan ere, palan bikain aritzen den jendeak parte hartzen du bertan. 22-16 galdu genuen Loidi anaien aurka, gogorrak dira biak ere, eta larunbatean eurek nagusitu beharko lirateke normalean. Baino ez diegu erraz jarriko”.
Alkorta eta Ponce umetan Iturzaeta memorialeko txapelketako ikusle izatetik eta bertako jokalariak mirestetik, finala jokatzera iritsi dira. Ametsa, egia bihurtu zaie, Mujikak aitortu duenez. “Gaztetxoak ginenean frontoiko bazter batean partiduei begira jarri, eta Andoni Alvarez, Iñaki Arruti, Loidi eta Eskudero anaiak eta besteak miresten genituen; egunen batean horiekin joka genezakeela uste genuen”.
Larruzko palako eta pala motzeko lehiaketa ofizialetan Arrate frontoian jokatzen duten arren, Sorabillako frontoian teniseko pilotarekin jokatzeak baduela xarma berezia adierazi dute biek ere. “Gure jolas-lekua izan da txiki-txikitatik. Hor hezi gara kirolari gisa. Ordu mordoa sartu dugu bertan, eta badauzkagu motiboak harrizko frontiseko zulo guztiak ezagutzeko eta erdiko matxoiari esker egin litezkeen hiru paretekin bihurrikerietan aritzeko”.
Herri kiroletan, jokalari
Sorabilla auzoko taldea Andoaingo auzoen arteko herri kirolen lehiaketan partaideetako bat da. Biak animatu izan dira zenbait jokoetan parte hartzera, Xabierrek gogoratu duenez: “Goiburuko jaietan traktorea arrastaka eramatea egokitu zitzaigun, eta Buruntzan, berriz, tokan aritzea. Sorabillan emozioak gainezka egin dezake, ligaren amaiera jokatuko baita bertan; soka-tirak eta lokotsa biltzeak erabakiko dute nor den aurtengo irabazlea”.
Jokoan ez ezik, lanean
Antolakuntzan lanean jardun beharko dute ere: “Gaztelekuk Jai Batzordearekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du, eta batean eta bestean lanean aritzea egokituko zaigu, karparen muntaian, afaria zerbitzatzen...”.
Xabierrek eta Koldok Sorabillako jaiak berta-bertatik bizi izan dituzte jaio zirenetik kasik, eta horrexegatik pena handia hartu zuten Jai Batzordeak antolakuntza uzteko asmoa zuela entzun zutenean. “Akaso, egunean batean, auzoko gazteei tokatuko zaigu pausoa ematea; geroak esango du, denboraz gain lanerako gogo handia eduki behar baita. Egia esan, auzoan ez dago gure adineko gazte askorik, beste laupabost besterik ez”.