Rikardo Arregi eta bere lana andoaindarrei ezagutaraztea helburu

Ainhoa Arozena 2019ko aza. 24a, 10:10

Patxi Baztarrika Euskara Zerbitzuko burua, Andoaingo Udaleko bulegoan.

Azaroaren 28an, XXXI. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatuko dira, –formatu berriarekin iritsiko da sariketa, gainera–, baina aurrez, egun osoan zehar, Rikardo Arregiren lanak herritarrei ezagutarazteko ekimen parte-hartzailea antolatu du Andoaingo Udalak: 'Rikardo Arregi irakurtzen' ekimena, hain zuzen.

Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko buruak azaldu du ekimenaren abiapuntua,“badira maite eta estimutan ditugunak gogoan hartzeko momentuak. Rikardoren kasuan, Andoaini dagokionez, pertsona maitatua eta estimatua zen eta horren lekuko, herriko kale batek bere izena du, herriko Seme Kuttun izendatua da, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak ditugu… Hildako bat biziberritzeko modurik egokiena, seguru aski, bere obra, berak egindakoa herritarrei ezagutzera ematea da. Eta herritarrei aukera ematea bere obraren eskutik omentzeko”. Xede hori lortu nahian, beraz, datorren ostegunean, herritarrei Rikardo Arregiren obra gerturatuko zaie, haren lanak ahots-goran irakurtzeko aukera eskainiz.

Erantzun bikaina
Bilbo Zaharra euskaltegiak jarri zuen abian lehenengoz idazle ezagunen obrak jendaurrean irakurtzeko ideia eta, ekimen horretan oinarritu dira Andoaingoa martxan jartzeko ere. Herritarrei irakurketan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien Euskara Zerbitzutik eta harrituta eta pozik daude erantzunarekin, “oso erantzun ona izaten ari da. 340 pertsonak baino gehiagok hartuko du parte Rikardo Arregiren testuen irakurketan. Ikaragarria da hori”, adierazi du Patxi Baztarrikak. Andoaindarrak izango dira irakurle gehienak, baina herritik kanpoko irakurleak ere batuko zaizkio ekimenari, “jakina baita Andoaingo mugak ederki asko gainditu zituela Rikardo Arregik. Andoaingo herritarrez gain, kulturgintzako eta euskara munduko jendea ere etorriko da; idazle, kulturgile nahiz herri erakundeetako ordezkariak ere bai”, adierazi du. ‘Rikardo Arregi irakurtzen’ saioa ekitaldi erraldoia izango da Andoainen eta, antolaketa lanetan, elkarren eskutik dabiltza Andoaingo Udala ez ezik, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna eta AEK euskaltegia ere. Elkarlanaren emaitza izango da, beraz.

Zortzi orduko irakurketa
'Rikardo Arregi irakurtzen' idazle eta pentsalari andoaindarrak idatzi zituen lanen zortzi orduko irakurketa saioa izango da. Bastero Kulturgunean burutuko da ostegunean, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte. “Rikardo Arregik idatzi zuen lan ugariaren muestra bat irakurriko da, gehiago ere ezin baita irakurri denbora tarte horretan", aurreratu du Euskara Zerbitzuko buruak. Eta muestra horren baitan, gai ezberdinen inguruan idatzitako lanek izango dute lekua. Izan ere, irakurketa Rikardoren ugaritasunaren lekuko izan dadin nahi baitute. "Nagusiki artikulugilea izan zen Rikardo, 300dik gora artikulu idatzi zuen, horietatik gehienak Zeruko Argian eta gutxiago Jakinen eta Anaitasunan argitaratuak. Saiakeragile ere izan zen eta hainbat saiakera argitaratu zuen Jakinen. Bere bi liburuak, berriz, bera hil eta gero argitaratu ziren: 'Politikaren atarian’ eta Andoaingo historiaren monografia bat". Bada irakurketan zehar, agerian jarri nahi dituzte Rikardo Arregi zutabegilea, saiogilea eta liburu idazlea. Era berean, ekintzaile eta sustatzaile bezala bultzatu zuen alfabetatze kanpainarako idatzi zuen dokumentuaren pasarte batzuk ere irakurriko dira.

Sariketa, eraberrituta
Irakurketa amaituta, Andoaingo alfabetatze kanpainan parte hartu zuten irakasleei aitormena egingo zaie eta jarraian, arratsaldeko 19:00etan XXXI. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien txanda iritsiko da. Iaz 30 urte bete zituen sariketak eta edizio berezia prestatu zuten: Rikardo Arregiz geroztik euskal kazetaritzak egin duen ibilbidean mugarri izan diren hamar lan edo ekimen sarituz. Aurtengo edizioa eraberrituta etorriko dela nabarmendu du Baztarrikak, edukiari nahiz formari dagokionez. “Edukiari begira, bi sari izango dira, biak maila berekoak. Bata Kazetaritza Saria eta bestea Komunikazio Saria”. Lehena, kazetaritzaren ezaugarriei eta izaerari lotzen zaion saria, berri-emailetzari estuki lotutakoa; idatzizko, ikus-entzunezko edota interneteko euskarrian. Komunikazio Sariaren baitan, berriz, euskarazko komunikazioaren molde berrietara egokitzeko pauso esanguratsu eta berritzaileak eman dituen lanen bat sarituko da. Formari dagokionez, berriz, “sari bakoitzean launa finalista izendatu ditu dagoeneko epaimahaiak eta sari-emate ekitaldian jakingo da nor den sariduna. Bertan jakingo du saridunak berak ere”.

Erreferentziazko ahotsa
Euskara eguneroko beharretarako erabilgarri eta baliagarri izan zedin, lan handia egin zuen Rikardo Arregik, eta ikuspegi horretan oso berritzailea izan zela azaldu du Patxi Baztarrikak: “gogor kritikatu zuen 60ko hamarkadan euskaraz ediziogintzan zegoen basamortua, garai hartako ediziogintzak euskara folklorismo, konstunbrismo eta baserritarkeriarekin identifikatzen zuela esanaz, eta ez modernotasunarekin eta eguneroko bizitzarekin”. Euskaraz, dibulgazio liburuak, itzulpenak eta saio liburuak behar zirela defendatzen zuen, eta ikuspegi hori izan zen Lur editoriala sortzearen oinarria. “Alfabetatze kanpaina, planteamendu horren adar bat da; jendea alfabetatu beharra ikusi zuen, euskaraz jarduteko behar beste makulu izan zezan”. Eta ekintzaile bezala, hori izan zen Baztarrikaren ustez, bere lanik nabarmenenetakoa. “Hala ere, Rikardo Arregi ekintzailea baino gehiago, pentsalaria eta saiogilea izan zen. Benetan harrigarria da 26 urte besterik ez zituela hil zen gizon hark idatzi zuen guztiaren mardultasuna, heldutasuna eta ugaritasuna”. Sozialismoaz eta marxismoaz, euskalzaletasunaz, filosofia eta erlijio gaien inguruan ere saiakerak idatzi zituen. “Berak idatzi zuen obrak egunerokotasun ikaragarria edukitzen jarraitzen du. Bera bizi zen garaia ezagutzeko oso erreferentziazko ahotsa da berea. Ez Euskal Herriko garaia ezagutzeko bakarrik, nazioarteko politikari buruz ere aritu baitzen lehenengoz euskaraz. Oso modernizatzaile eta berritzailea izan zen. Gaurko euskal zutabegintzaren aitzindarietako bat ere bai”.

Politikari ere bai
Rikardo Arregik egin zuen guztia egun bakar batean ezagutzera ematea ezinezkoa bada ere, herritarrek, aurrez aipatu alor horietan guztietan zerbait sakonekoa esan eta egin zuela jakitea garrantzitsua da Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko buruarentzat, “gogoan dut Karlos Santamaria aurreko mendeko euskal intelektual esanguratsuenetakoak, bera hil eta nola idatzi zuen Zeruko Argian Rikardo Arregi zela munduko herrietan oso-oso noizean behin sortzen diren gizon horietako bat. Rikardo Arregiri buruz idatzi direnak irakurtzerakoan deigarria izan zaidan beste definizioetako bat, Ramon Saizarbitoriak nola definitu izan duen Rikardo. –Oso adiskideak ziren, Lur argitaletxearen sortzaileak, Ibon Sarasolarekin batera…–. Rikardo gure arteko lehenengo politikaria zela esaten zuen. Erabateko bokazio politikoa zuen pertsona zela. Eta bere testu eta saioetan politologiaz asko zekiela argi eta garbi ikusten da. Ez zuen erresistentziazko politika egin nahi, baizik eta politika konbentzionala egiteko gogoa zuen, oso gizon eraikitzailea zelako”. Hain gazte izanik, hala ere, bere eboluzio ideologikoa izan zuen, “garbi ikusten da hori bere testuetan. Hasieran argi eta garbi kristau demokraziaren ildoan zuen bere burua eta hortik sozialismo humanistarako bidea egin zuen. Oso euskalzalea zen, baina ‘Euskalzaleen Jainkoa hil behar dugu’ idatzi zuen. Euskalzale izateko modu ugari zegoela adierazten zuen horrekin”. 1963an hasi zen Zeruko Argian idazten, “urte hura izan zen bere kanporatze momentua; gero 1964an eta 1965ean saioak idazteari ekin zion. Lehen saioa Kant filosofoari buruzkoa izan zen. Gerora etorri ziren gainontzeko lan guztiak. Kanporatze lan hori sei urtetan egin zuen, 1963tik 1969ra eta, tarte horretan, bi urte soldadu eta lau hilabete kartzelan igaro zituen. Ondo aprobetxatutako urteak izan ziren haiek ere, irakurtzeko eta idazteko”.

Andoaindarra naiz,
1969an Zeruk Argian argitaratutako zutabea
Rikardo Arregik, andoaindarra izateaz harro zegoela adierazi zuen Zeruko Argian 1969. urtean idatzi zuen ondorengo zutabe honetan:

ANDOAINDARRA NAIZ
Gure herria, gure gizonetan eta gertaeretan, herri apala izan da historian zehar. Aita Larramendi eta O'Donellek galdu zuen bataila kenduz gero, ez da ezer handirik gelditu. Ez dago, beraz, xoko herrizalekeriarentzat lekurik. Zorionez. Zorionez, herri umila, izen handirik gabekoa da gurea. Horregatik maite dut gehiago, horrexegatik nago fier eta harro nire jaioterriaz.

Ezagutzen baititut bertan lanean ari diren euskaltzale militante zahar eta gazteak, eta horregatik gordetzen dut Euskal Herriarengan esperantza.

Eguneroko borroka isila, izen handirik gabekoa, hori da Euskal Herriaren eustailea. Gizon eta gazte horien izenak ez dira geldituko, seguru asko, Euskal Herriaren historiaren orrietan; baina horiek egingo dute posible, inork baino gehiago, Euskal Herriak historia izaten segitzea. Borroka honek, euskalgintzarenak, neke asko eskatzen du, diruarena, denborarena... Nola ahaztuko ditugu Patxi, Iñaki, Jose Ramon, Juan Martin?

Nire herrian, gainera, euskaltzale langileek, zaharrak eta gazteak, elkarrekin egiten dute lana, modu askotara pentsatu arren. Izan ere, demostratua dago, oinarrian, burokrazietatik urruti, buruzagietatik aparte, batasuna lanak berak sortzen duela. Lanak sortzen du batasun sena, Herriak, euskalgintzan lan egiten duenak noski, batasuna maite du ekintzan. Erasoaldian batasun honek bakarrik salba gaitzake.

Rikardo Arregi. Zeruko Argia, 330. zk., 1969

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!