Era guztietako rol eta egoeretara egokitu behar izan zuten lau bertsolariek saioan zehar. Hona zenbaitzuk: hauteskunde mahaian ez egoteko aitzakiak topatu behar dituzte (lau bertsolariek); artzaina den aitak (Sarriegi) ez du nahi bere alabak (Pagola) ofizio beretik jarrai dezan; bi lagunek (Sarriegi eta Martin) topo egiten dute intseminazio artifizialeko klinika batean, bat emailea izanik eta bestea hartzailea; goi mendi batean istripua eduki zuen mendizale batek (Martin) dilema dauka, berriro gora igo ala ez; apaizarengana (Sarriegi) konfesatzera doaz hiru bekatari (Sarriegi, Mendiluze eta Pagola).
* Lau bertsolariak, bertso bana.
Gaia: “Ez da inoren gustuko hauteskunde mahaian egotea. Jendean aitzakia originalak topatu nahian aritzen da. Zein aitzakia botako zenukete ez egoteko mahaian?”
Mendiluze:
Egia da, bai, mahieko lana
gustagarria ez dena,
eta jakinda hara joatea
behartu ohi gaituztena.
Len soldaduskan balio zun ta
probatzeko besteena,
aitzaki gisa onartzen al da
kontzientzi eragozpena? (Bis)
Alaia Martin:
Orain dena da eskuin muturra,
lehen dena zen sobiet.
Eta egia esan balio asko ez
dute izaten egiek.
Beraz ideia original bat
dugu neuronek ta biek:
mediku paper baten jarrita
“sobrei alergia diet” (bis)
Eli Pagola:
Ni re ez naiz irudimenez
estua ta urrikoa.
DNIa hautsi edo zakurrai
jan dezala eman nahikoa
Espainiarako hauteskundetan
oso prototipikoa:
ENArekin joan behar banuke
e litzake topikoa (bis)
Iker Sarriegi:
Hauteskundeak jokatzen dira
egunean ta bezperan,
badakizue bigarren buelta
izan degula ileran.
Eta aulkiak gelditu dira
ia ia lengo eran.
Ez dakit gauzak ez aldatzeko
zetara joan behar dedan (Bis)
*Eli Pagola eta Aitor Sarriegi ofizioan.
* Gaia: “Artzaiarena ofizio sakrifikatua da. Aitor, zu artzain esperimentatua zara, eta badaukazu bere exijentzien berri. Eli, alaba, gaur etorri zaizu, eta gradu bat ikasi baino, zure pausoa jarraitu eta artzaina izan nahi duela esanez”.
Aitor Sarriegi:
Gaur eguneko gazte batengan
ze gauza kuriosoa
Baina alaba bizi hau ez da
uste bezain erosoa.
Udara goian neguan behean
ezta bizitza gozoa.
Ta oporrik gabe pasako dezu
zure bizitza osoa.
Eli Pagola:
Nere aukerak harritu zaitu,
larritu zera zeharo.
Lanak gogotik egin beharra
eta oporrak akabo.
Klasetik irten eta larrera
azkar nahi nuke igaro.
Lanez gogorra izango da hau,
lan errexik ba al dago?
Aitor Sarriegi:
Zuk ikastazu lenbizi eta,
pentsa zazu gerorako.
Nere bizitza mendi aldean
alperrik ez det igaro.
Lan errexik ez dagola baina
bai zeozer errexago.
Eta mendian sindikatu ta
konbeniorik ez dago.
Eli Pagola:
Lurretik bizi geran honetan
enago lurraren izu
Ardi mordoxka gobernatu ta
eurei txistu ta abixu
Berrogei urtez zoaz honetan,
aita, zerbait badakizu.
Ta zuregandik urruntzen banaiz
zeinek ikasiko dizu?
Aitor Sarriegi:
Ez det esaten behar dezunik
abokatu, arkitekto.
Baina langintza gogorra da hau
beste gabe ekiteko.
Jakin min hori baldin badezu,
probatuta jakiteko.
Prepara zaitez hirurehun urte
atzerantza egiteko.
Eli Pagola:
Ba igual orduko balore batzuk
behar lirake mantendu.
Ta gaur ditugun presa guztiak
momentu batez aldendu.
Hobe nahi nauzu, baina zeorri
nahi beste meritu kendu.
Bulego baten sartuko al zinan
aukera izan bazenu?
Aitor Sarriegi:
Ez dakit nik zer egingo nuen,
hor ez gastatu indarra.
Ni saiatu naiz, langintza honek
badu eta alde txarra.
Aita nauzu ta laguntza daukat
beti eskaini beharra.
Zu zoriontsu izatea da
aitak nahi duen bakarra.
Eli Pagola:
Baina bide bat egin dezadan
zuk egin zenuen gisa.
Oraindik asko berri liteke
mundu hontan gaztagintza.
Sindikaturik ez dagon arren
lehen sektoreko giltza.
Erabakiak hartzen joatea
hori izango da bizitza.
* Alaia Martin bakarka.
Gaia: “Alaia, zu mendizalea zara. Aspaldiko kontua duzu, eta munduko mendirik altuenak igotzen zaletu zara. Azkeneko ahaleginean, heriotza gertu ikusi eta ordutik ez duzu halako espediziorik egin. Bi urte igaro dira, eta gaur, espedizio berri batean parte hartzeko gonbidapena jaso duzu. Joango ala zara?”.
Hotzikara bat sumatu ohi dut
egun latz hura gogoan,
daukadanero nere etxeko
tximiniaren beroan.
Nahiz egon naizen orduko mina
baretzeko esperoan.
Ezin ninteke harano heldu
ez ordainduta ez doan.
Inoiz itzuli ez nintzelako,
ezin dut berriro joan (bis)
Gogoratzen dut irristadaren
haserako momentua
ta isiltasun abisal hura
nola ia zen konbentua.
Hargatik jarri nion neroni
itzultzeko debekua,
bizitzak berak eman baitzidan
lezio eskarmentua.
Lengo maitasun guzti-guztia
bihurtuz errespetua (bis)
Orain gozatzen dut bidaiatuz
mendi aldizkarietan
eta kanala aldatu ohi dut
tragedia albistegietan.
Elur malutak erortzen zaizkit
oraindik maiz begietan.
Bizi, gozatu edo arriskatu,
zer hautatu hiruretan?
Mendiaz nahi dut gozatu baina
geure gailur txikietan (bis)
* Puntua jarrita, lau bertsolariak.
Unai Ormaetxea:
Kirola egin edo
nahiago ikusi?
Aitor Sarriegi:
Naiz ta azaltzen naizen
bastante itsusi.
Ta nahiz eta e naizen
mendiko nagusi
sarritan joaten naiz
eski eta guzi.
Unai Ormaetxea:
Bertsolaritza ere
kirola ote da?
Aitor Sarriegi:
Ni e naiz atrebitzen
hori esatera.
Ariketa mota bat
da alde batera,
baina gozemenera
gehio joaten gera.
Unai Ormaetxea:
Hernanin errubirik
probatu al dezu?
Eli Pagola:
Hortako exkasa naiz
ni ikus dezakezu
Han zenbat kolpe eta
zenbat konpromezu.
Baina nahiko bazendu
garaian zaude zu.
Unai Ormaetxea:
Hori egin zenion
gustuz plakajea?
Eli Pagola:
Hori hemen galdetzea
a ze korajea.
Ikusiz nire planta
nire bisajea,
neronek hartu nun
lehen bidajea.
Unai Ormaetxea:
Txapelketa zalea
O plaza zalea?
Alaia Martin:
Txapelketan gabiltza,
hori seinalea.
Nahiz ta kruzatzen zaigun
askotan kablea,
txapelketa onena
ez al da kalea?
Unai Ormaetxea:
Zure armairuetan
ba al duzu txapelik?
Alaia Martin:
Horrelako ametsik
ez dute etenik
Handirik ez dudala
esan dezaket nik.
Baina ez du esanahi
helduko ez denik.
Unai Ormaetxea:
Zergatik joan zinen
hemendik Irura?
Aitor Mendiluze:
Askoz merkeagoa
nuelako hura.
Nere familia han
bizitzen ohitu da
baina ni mugitzen naiz
behar den lekura.
Unai Ormaetxea:
Andoain edo Irura,
zein dezu nahiago?
Aitor Mendiluze:
Ez didate sekula
galdetu lenago.
Ta nola kunplitu nik
len baino gehiago,
banijoan lekura
ni konforme nago.
* Alaia Martin eta Aitor Sarriegi.
Gaia: “Alaia, aspaldi zabiltza bikote baten beharrean ama izan nahian, eta gaur lehen aldiz, inseminazio artifiziala lantzen duen klinika batera jo duzu, zure burua inseminatzeko asmoz. Bertan topatu duzu Aitor, esperma donatzera etorri da”.
Alaia Martin:
Sumatu nahian bere
taupada ta pultsu,
ume batez amesten
ibili naiz sutsu.
Ta azkenean hemen
aurkitu ai! nauzu.
Kaixo, zer moduz, Aitor,
ekarri bi muxu!
Kasualitateetan
sinisten al dezu? (bis)
Aitor Sarriegi:
Honuntza etortzeko
a ze korajea.
Nahiz eta hasieran
zen nahiko ajea.
Ekintza hau ez duzu
libertinajea.
Kontzientziz egin det
hona bidajea,
betiko gal ez dadin
nere linajea (bis)
Alaia Martin:
Ta hemen zu ikertzen
hainbeste aditu
dabiltzana nahi ote
duzu nabaritu
Ni eskale nauzu, ez
hemengo mediku.
Garbi jakin nahi nuke
ta zuzen argitu:
donatu egiten duzu
edo oparitu? (bis)
Aitor Sarriegi:
Biontzako berria
duzu abentura,
eta lor dezakegu
nahi genuen hura.
Ume bat ekarri nahi
baituzu mundura.
Nik pote txikietan
bota det ez ura,
eta hortik aurrerakoa
beraien kontura (bis).
Alaia Martin:
Beraz zeure bidea
haien bidez segi
Nahi duzu utzi, joan
ta bertan eseri.
Zure nahaia nahi gisa
azalera bedi.
Baina zurea ematen
Badidate neri,
jakin izango dela
Martin Sarriegi (bis).
Aitor Sarriegi:
Lasai, izango du ta
nere onespena,
ia ez da nirea
hemen uzten dena.
Hargatik opa dizut
suerterik onena.
Hemen egin beharrak
eman arren pena,
hona etorri gabe
egin zitekena (bis).
Alaia Martin:
Beraz minus bat dula
gure balantzea.
Ezin zintudan ikusten
oraingo antzera,
baina irrifar hori
niretzat etxera.
Ez noa beste ezer
orain hausnartzera,
baina behintzat goazen
kafe bat hartzera (bis).
Aitor Sarriegi:
Azkar erantzungo det
nik zure galdera:
baietz esango dizut,
jaits gaitezen bera.
Esperientzia ona da
zure arabera.
Denbora baterako
elkartzen bagera,
ea ez dan irteten
aitaren aldera (bis).