Kontzertuan zehar, Mikel Emezabal zuzendariak hitza hartu, eta Bandako musikari guztiei esker ona adierazi nahi izan zien, “astero-astero diziplina zorrotzera zintzo makurtzen baitira zuzendariaren esanetara”. Goraipamenen atalarekin jarraituz, Bandarekin azken kontzertuan parte hartzen ari zen Jorge Garcia saxo jolearentzat ere txaloak eskatu zituen. “Asturiasetik heldu zen hona, eta berehala, Andoainen erabat integratu egin zen, euskara eta guzti ikasiz. Orain, berriro, jaioterrira itzultzeko ordua iritsi zaio. Bada, jakin beza Banda osatzen dugun musikari guztiek bihotzean edukiko dugula beti”.
Emanaldiaren amaierarako, ezusteko polit eta irrigarria prestatuta zeukaten Bandako kideek, eta esku-orrian agertzen ez zen pieza bat jo zuten, entzuleen gozamena eraginez. Zehazki, La Greve des Musiciens abestia biziberritu zuten, oso modu informal eta umoretsuan biziberritu ere; izan ere, L. Daunot konposatzailearen obra hori espeziala da musikariek doinuak interpretatu ez ezik antzerkia ere egin dezaten. Musikariak zuzendariaren aurka nola matxinatzen diren parodiatzen da, eta halaxe egin zuten Andoaingo bandako kideek ere Basteroko oholtzan, eskuetan pankarta aldarrikatzaileak zituztela.