Andoaindarrei goraintziak, Xabierren partetik

Xabier Lasa 2019ko abe. 4a, 10:20

Aspaldi honetan ez da kalean ageri, baina ez ditu herrikideak ahaztu nahi. Aiurri astekariaren bitartez goraintziak eman nahi dizkie andoaindarrei. San Juan bataiatzailea egoitzan bizi da, eta gustura jasoko lituzke herritarren bisitak.

Herrian asko dira, heldu zein gazte, Xabier Mujika herrikidea non arraio dabilen galdezka dabiltzanak. Denbora pasa baita bere presentzia kalean gora eta behera sumatu gabe. Edonoren aldartea pozteko gaitasuna zuen gizon alaia, Andoain goitik behera zeharkatzen zuena, eta parean tokatzen zen guztiari diosala egiten ziona. Txilibitua joz,  irratia eskuetan eta ahoan irribarre zabala. Horrela gogoratzen dute andoaindarrek, horixe baitzen bere eguneroko jarduna.

Beti bezain alai bizi da gizona Andoaingo Ama Kandida etorbidean dagoen San Juan Bataiatzailearen zahar egoitzan. Hori bai, kalean egunero ibiltzetik erretiratu samar dago. Ez dauka herrian barrena ibiltzeko lehen zeukan joera hori. Nolanahi ere, eusten dio bizitzeko eta sentitzeko betidanik erakutsi izan duen umoreari eta baikortasunari.

Bere-bereak diren zaletasunekin gozatuz igarotzen ditu eguneko hainbat ordu. Alde horretatik, lehen bezainbat edo gehiago jarraitzen ditu eskupilotako partidak, Realari lotutako albisteak, aizkolarien arteko lehiak, bertso saioak..., telebista nahiz irrati bidez.

Bisitaldian joateko gonbitea luzatu nahi die herrikideei

Aiurriri adierazi dionez, goraintziak luzatu nahi dizkie Andoainen dauzkan lagun guztiei, berarekin gogoratzen direlako. Eta aldi berean, lagun horiek bisitan hartzeko prestutasuna agertu du, zahar egoitzako ordutegiaren baitan.

Erlazionatuak

Zorionak Xabier Mujika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016 mai 06 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!