Lehen euskara irakasleei omenaldia

Rikardo Arregi irakurtzen ekimenaren amaieran egin zuten omenaldi ekitaldia

Patxi Baztarrika euskara teknikariak irakurri zituen merezimenduak:

"Herritar batzuk omendu nahi ditugu, 60ko hamarkadan  Rikardok ireki zuen bidean barrena egin zuten lan bikainagatik.

Gaur egun ohitu gara ikusten gero eta euskaldun gehiago gure artean; ohitu gara ikusten euskarazko irakaskuntza; ohitu gara ikusten urtero 30.000 lagun baino gehiago euskaltegietan euskara ikasten; ohitu gara ikusten urtero ehunka liburu kaleratzen direla euskaraz; ohitu gara ikusten edozertaz idazten dela euskaraz; ohitu gara ikusten euskal idazle andana batek goi mailako literatura egiten duela euskaraz; ohitu gara ikusten euskarazko hedabideak, eta hedabideetan euskara; ohitu gara ikusten inoiz euskarak bere mendetako historian izan duen baino askoz  ere alfabetatu gehiago dituela, gaur egun euskaldun gehienek badakitela euskaraz irakurtzen eta idazten. Finean, ohitu gara ikusten, gure arazo, muga, zailtasun eta estuasun ugariren artean bada ere, aurrera egin duela eta doala euskara.

Baina gauzak ez dira beti horrela izan. Ezta gutxiagorik ere. Gaur garena ez da zerutik eroria. Duela minutu gutxi irakurri dituzte hemen Rikardok 1966an Euskaltzaindiari entregatzeko idatzitako hitz hauek: “Euskaraz dakiten gehienek ez dakite ez euskaraz irakurtzen ez euskaraz idazten. Herri batek indartsu bizi nahi baldin badu kulturaren beharra du (…) Horretarako beharrezkoa da Euskal Herria alfabetizatzea. (…) Alfabetizazio kanpaina batean pentsatu dugu”.

Esan eta egin! Halakoxea baitzen Rikardo Arregi.  Estratega zen, helburuak eta bidea markatu eta, berehala, ekintzari ekiten ziona. “Euskaldunak euskaraz idatzi, irakurri, hitz egin” leloa hartu eta lehenengo euskal alfabetatze kanpaina abiarazi zuen. Baita Andoainen bertan ere.

Horretarako, besteak beste, irakasleak behar ziren. Beren lanorduetatik kanpora, askotan lanegun luze eta neketsuen ondoren, gau eskolara joan eta euskara irakasteko prest zeuden gizon-emakumeak behar ziren. Gero irakasteko, aurrena beren burua hartarako prestatzeko gertu zeudenak behar ziren. Eta Andoainen ere sortu ziren halakoak: Andoainen ere sortu baitziren alfabetatze kanpainarako irakasleak, irakasle taldeak.

Guk, gaur hemen, “Rikardo Arregi Irakurtzen” saioaren amaieran, apalki bada ere, aitortu eta goraipatu egin nahi ditugu, 60ko hamarkadaren azken urteetan, garai zail haietan, dirulaguntzarik ez zegoen urte haietan, euskaraz bere burua prestatu eta euskaldunak alfabetatzeari ekin zioten Andoaingo gazte haiek. Egin zuten lana aitortu nahi dugu, egin zutena garrantzitsua izan baita gaur gauden tokian egon gaitezen. Beren lana aitortu, goraipatu eta beraiek omendu nahi ditugu.

Guk hamar lagun aurkitu ditugu; horietako batzuk Euskaltzaindiaren urte haietako paperetan ere azaltzen dira euskara irakasle gisa. Agian, gehiago ere izango dira. Izan bedi aitormen eta omenalditxo hau denentzat, 60ko hamarkadaren azken urteetan euskaldunak alfabetatzeko klaseak emateari  ekin zioten Andoaingo gazte haientzat. Gaur hemen ditugu gurekin, zortzi: Marian Arin, Iñake Beraza, Jexux Mari Eizmendi, Arantxa Irulegi, Arantxa Lizarribar, Maria Angeles Mitxelena eta Jose Mari Uranga irakasle izan zirenak, eta irakasle izan zen -baina duela urte batzuk zendu zen- Angel Ansa irakaslearen anaia Mikel. Lokalizatu ditugun beste biak dira Marikarmen Aizpurua eta Belen Mendikute, baina haiek ez dute hona etortzerik izan.

Zuentzat guztiontzat gure esker ona, gure miresmena eta gure omena. Bihotzez".

Erlazionatuak

Aitor Mendiluzeren bertsoa eta 60. hamarkadan euskaraz alfabetatzeari ekin zioten herritarrei omenaldia

Andoain

Aitor Mendiluzek bertso bat bota du eta 60. hamarkadan euskaraz alfabetatzeari ekin zioten herritar batzuk ere omendu dituzte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!