Historia lazgarri baten jabe izan arren, orain arte diskrezioari eutsi nahi izan dio, biktimen alorrean parte-hartze eskasa edukiz. Nolanahi ere, ez du eragozpenik jarri Aiurri astekariari bere bizipen pertsonalen berri emateko. Aitari eta aitonari buruz aritu da, baita biktimekin zerikusia duten beste zenbait gairi buruz ere: biktimak, biolentzia, elkarbizitza...
Oscar, etxean zinen aitona hil zuen lehergailuak etxe azpian eztanda egin zuenean. Geroago jakin zenuen, urte batzuetara, ezagutu ez zenuen aita ere ETAk erail zuela. Zer da aitaren heriotzaz dakizuna?
Nire aita 1978ko uztailaren 5ean erail zuten, goizaldeko 01:00ak aldera, Hotel Duqueren atarian. Andoaindik zetorren, nire amarekin egon ostean. Ez zeuden ezkonduta, ez ziren izatezko bikote, eta ez dago familia ginela erakusten duen familia-liburu edo agiririk. Nire ama ez zen alargun geratu, Estatuaren eta biktimekiko legeen begiradapean. Ezkondu gabeko emakumea zen, haurdun zegoena. Ez zuten eraildako pertsona baten emaztetzat hartu. Bi hilabetera jaio nintzen ni, 1978ko irailaren 19an.
Atentatuaren egilea identifikatu egin zuten; Errenteriako pertsona bat zen, eta hainbat urte igaro zuen kartzelan. Ez dakit, gaurko egunez, espetxean edo aske dagoen.
Aitonaren hilketaren lekuko izan zinen. Zer oroitzen duzu?
15 urte nituen. Ordua zehatz-mehatz gogoratzen dut, baita jaten ari nintzena ere. Gaztaz beteriko ogi-xerra ari nintzen jaten, menbrillo zatitxoekin batera. Irailaren 26a zen, osteguna, eta lehergailuak 17:35ean egin zuen eztanda.
Juvenal aitonak autoa etxetik ahalik eta gertuen uzteko ohitura zuen, bizi ginen Eskola kalean bertan. Egun hartan, Makaldegira jaitsi zen ibilgailua etxe ondora gerturatzera. Eta hantxe galdu zuen bizia aitonak, etxean bizi ginen gainerakook ez bezala. Izan ere, hori ostegunarekin gertatu zen, baina igandea izan balitz zer? Nire urtebetetze eguna zen eta beharbada, autoa hartu eta ospatzera joango ginen. Pertsona bakarra lehertu beharrean, denak lehertuko ginatekeen orduan. Edota, bat-batean, haurrak zeramatzan autobusa pasa izan balitz? Edota lehergailuak 16:40ean eztanda egin izan balu, haurrak ikastolatik edota Ondarretatik irten zirenean? Sekulako sarraskia gertatuko zen, aitona erailtzen ahalegintzeagatik.
Hirugarren solairuan bizi ginen, eta lehergailuaren eztandak lurrera bota ninduen. Gaztaz beteriko ogi-xerra musika-aparailuaren bozgorailuan itsatsita geratu zen. Bertan egon zen hilabetez, ez bainuen denbora tarte horretan bozgorailutik kentzeko adorerik izan. Leihoko kristalak aurpegira erori zitzaizkidan. Lurrean nengoen, eta jaiki bezain pronto amonarengatik galdetu nuen. Baina erantzuten ez zuela ikusita, “ETAk aitona erail du” ideia etorri zitzaidan burura. Balkoira atera nintzen korrika, eta lehergailuaren eraginez txikituta ikusi nuen aitona bertatik. Etxean amona, ama, Carmen izeba eta laurok geunden. Blanca izeba Santanderren zegoen, eta autobusean bueltan zetorrela jaso zuen ezbeharraren albistea.
Ez nintzen etxetik atera, antsietate atakea izan nuelako. Erizainak etorri ziren, eta lasaigarri modura bi pastilla eman zizkidaten.
Eskaini dituzun elkarrizketa bakanetan adierazi duzu aitaren parekoa zenuela Juvenal aitona...
Nirekin pertsona ona izan zen. 18 urte betetzen nituenean, nik gida-baimena eskuratzeko ilusioa zuen. Andoainen pertsona maitatua zen. San Martin elizan egin zioten azken agurra datorkit burura; bere gorpua elizatik atera zutenean, plaza osoa jendez gainezka zegoen eta txaloka hasi ziren denak.
Ez zen hitz bat beste baten gainetik jartzen zuen pertsona. Amona zaintzea zen bere lehentasuna. Biziki maite zuen, eta hura ondo egon zedin saiatzen zen.
Ni aitarik gabe haztean, aitonak aitaren pareko papera bete zuen nirekin. Are gehiago, lehergailuak eztanda egin zuenean, neu egon nintekeen bere ondoan. Berekin ibiltzen bainintzen batzuetan. Guardia zibil izateari utzita zegoen, eta andoaindar askori ehiza eta arrantza baimenak lortzeko laguntza eskaintzen zion. Baita pasaporteak ere. Gure etxetik igarotzen ziren denak, ideologiak ideologia. Denei erantzun bera ematen zien: “Nire kontu, neu joango naiz Guardia Zibilarengana, ez zaitez kezkatu”. Gero, askotan, dokumentazioa eramatera joaten ginen aitona eta biok baserri edota sagardotegietara.
Mansilla de las Mulas Leongo herrian jaio zen 1915ean, eta Francoren aldekoekin borroka egitea egokitu zitzaion. Orduan halabeharrez egin behar izaten zen. Garai haietan tropak gerturatu eta “gurekin zatoz, ala zulora zoaz” adierazten zuten. Bi bandoetan berdin jokatu zuten.
Gerra amaituta, guardia zibil egin zen. Langabezian zegoelako, bestela, ez zen sartuko. Gure birraitona errepublikar peto-petoa zen, defendatzaile sutsua. Harentzat, semeak Francoren aldekoekin borroka egitea gerta zekiokeen okerrena izan zen.
1967an Andoainera etorri zen familiarekin, eta hasiera batean Andoaingo kuartelean bizitu ziren. Baina handik gutxira, guardia zibil izateari utzi zion; ETAk hiltzeari ekin zionean, hain justu. Francok ETAren auzia Guardia Zibilaren parte-hartzearekin amaituko zela uste zuen. Baina aitonak oso bestelako iritzia zuen.
Izebei entzunda ere badakit gure aitona ez zela batere gatazkatsua. Bere polizia ibilbidean, behin bakarrik ikusi zuten pertsona bat kolpatzen. Eta kamioilari bati emandako belarrondokoa izan zen hura, guardia zibilen zakurrari ostikoa eman ziolako.
Guardia zibil izateari utzita, Foru Aldundian hasi zen lanean. Ni jaio nintzenean, etxean diru premia zegoen eta orduan hasi zen baimen ezberdinak eta pasaporteak kudeatzen. Abertzalea zen andoaindar ugarik aitonarengana jotzen zuen. Batek baino gehiagok aitortu zidan aitonaren atentatua ez zutela espero, ulergaitza egiten zitzaiela haren erailketa.
Zergatik uste duzu erail zutela zure aitona, 77 urte zituenean?
Espainiar estatuarentzat ehiza eta arrantza baimenak egiteagatik erail zutela uste dut, eta ez bereziki guardia zibila izan zelako. Ez dakit nor izan daitekeen hain ergela... Ez dut oraindik ulertzen zein izan zen bere delitua. 77 urteko aitona zen. Bestalde, ulertu gabe jarraitzen dut presoentzako onurak eskatzen dituzten pertsona berdinek lehergailuak jartzea.
Zein ziren erailtzeko erabiltzen zituzten irizpideak? Lopez de Lacalle, adibidez, min ematen zieten egiak kontatzen zituelako. Eurek irabazi zuten jendearen gorrotoa, euren erailketa zentzugabe haiekin. Frankismoaren aurkako oldarraldia uler dezaket, Francok eragiten zuen errepresioagatik. Baina historia gertatu zen bezala azaldu behar da, ez bakoitzari interesatzen zaion modura. Behin Franco hil zela, eta 2008. urtera arte, ETAk jende asko erail zuen. Jendea hiltzeagatik independentzia lortuko zutela uste al zuten? Ez, euskaldunak eta katalanak ez dira sekula independente izango. Espainiak ez baitu hori inoiz onartuko. Espainiak hemen 60 urtez milioika euroren inbertsioa egin du. Euskadik eta Kataluniak Europarekin muga egiten dute, eta ez dute independentzia onartuko. Hori gertatuko balitz, gainera, Euskadik hankaz gora jar dezake Espainia. Espainiak hondoa joko luke. Euskadik ez du Espainiaren beharrik, baina Espainiak bai; Espainiak Euskadi behar du.
Aitonak mehatxatuta egon zitekeela adierazi al zuen noizbait?
Gauza horiek antzemateko gazteegia nintzen, orduan. Izebari zerbait entzun izan diot, aitona aurreko egunetan deseroso antzeman zuela. Beharbada mehatxatu egin zuten. Beti pentsatu izan dut Eskola kale inguruan zelatari bat egon zela. Oso eremu txikian Lopez de Lacalle erail zuten, Joseba Pagazaurtunduaren ibilgailua erre zuten, auzoko hainbat pertsona mehatxatuta bizi izan zen... Informazio gehiegi.
Juvenal hil zutenean aiton-amonak, ama, bi izeba eta zu zeu Eskola kaleko etxebizitzan bizi zineten. Nola bizi izan zenuten galera hura?
Deskonektatzeko Santanderrera joan ginen, astebete igarotzera. Baina egonaldi hura infernua izan zen, bereziki gauetan. Hurrengo zortzi hilabeteetan amesgaiztoak izan nituen, lehergailu madarikatu harekin lotuta. Horregatik oraindik ere petardoak jasangaitzak zaizkit, gaixotu egiten naute. Ez beldurra eragiten didatelako, eztanda bakoitzak aitona hil zuteneko egun hura burura ekartzen didalako baizik.
Atentatua eta gero, ikasten jarraitzeko gogoa galdu nuen. Akabo ia ikasi gabe nota bikainak ateratzeko joera hura. Soinketa ere ez nuen gainditzen, eskolara joateari utzi egin niolako. Ikasten ari nintzen Andoaingo eskolan ez nuen laguntzarik jaso, nire egoeran zegoen gaztetxoa psikologikoki artatzeko egon zitekeen irakaslerik prestatugabeena egokitu zitzaidan. Abertzale kutsuko ikasleak ere jasangaitzak egiten zitzaizkidan.
Lagun-taldearen erdiarekin harremana izateari utzi nion, nirekin zuten harremana eten egin zutelako. Senide baten galera pairatu eta gainera bizkarra eman zidaten lagun batzuek, hiltzailea banintz bezala!
Gure amona alargundu eta handik gutxira hil egin zen. Maria Angeles, nire ama, 2014an hil zen. Bitxia izan zen, biktimari zegozkion eskubideak urtarrilaren 26an eskuratu eta otsailaren 10ean hil baitzen. “Azkenean lortu dut biktima gisa dagozkigun eskubideak ematea, eta dagoeneko joan naiteke”, esanaz bezala. Hori pentsatu zuela iruditzen zait askotan. Carmen, nire izeba, ama hil eta urtebetera hil zen. Egunero pastillak hartzen zituen. Geuk geure baitan genuen amorru hura ez zuen adierazten berak. Egun, familia osotik, Blanca izeba eta biok bizi gara.
Aitaz eta aitonaz askotan hitz egin al duzue etxean?
Ez dugu askorik hitz egin. Denok genekien zer gertatu zen. Nire amarentzat aitonarena bigarren kolpe modukoa izan zen. Biolentzia historia honetan amak sufritu zuen gehien; maite zuen gizona erail baitzuten eta, ondoren, aita. Txikia nintzela aita istripu batean hil zela adierazi zidan. Ama batek egin behar zuena egin zuen; semea gorrotoaren bidetik uxatu. Ama abertzale batek baino gehiagok euren semeei antzeko heziketa emanez gero, beharbada ez zatekeen ETAren hainbeste atentatu gertatuko. Nire ustean, gatazkaren muina 36ko Gerratik sortu zen gorrototik dator. Gerra bizi izan zuten aiton-amona askok, Espainiarekin zerikusia zuen edozer gauza gorrotatzen hezi zituzten seme-alabak. Seme-alaba horiek gauza bera egin zuten bilobekin. Badirudi, gaur egun, giroa baretzen ari dela hemen. Baina, bestalde, Katalunian 1980ko Euskadira itzultzen ari direla dirudi. Orduko akats berdinak errepikatzera.
Nire aitaren erailketaren xehetasunak Errioxan bizi zen bere arreba baten bitartez jaso nituen. 20 urte izan arte ez nuen harekin sekula hartu-emanik izan, telefonoz deitu zidan arte. Egia oso gerora jakin banuen ere, amari ez nion sekula egia kontatu ez izana aurpegiratu. Ni babesteko egin zuela jakin badakit, nire baitan gorrotorik ez pizteko. Izan ere, bost urteko mutiko bati ezin zaio aita ETAk erail diola esan. Lehergailu bat egitearen parekoa baita hori, eta ez dakizu nolakoa izango den 18 urterekin. Ez dakit, beharbada pistola bat hartu eta Herriko tabernan ager daiteke. Edo guardia zibil bihur daiteke, eta boterea eduki, plaka eskuratuta, edonori bizitza txikitzeko.
Nik eduki dezakedan gorrotoa ez da abertzaleen aurkakoa. Abertzale diren betiko lagunak ditut, baina eurekin ez dut sekula politikaz hitz egiten. Nire aita eta aitona erail zituztenak gorroto ditut. Ez dut barkartzen, eta ez diet barkamenik onartzen.
Gertatutakoak gertatuta, Andoain uztea pentsatu al zenuen?
Urteen poderioz gogortu egin naiz. Hemen bi aukera daude: Alde egin, joan…, edo bertan geratzen bazara, gogortu egiten zara. Bizitzak aurrera egiten irakatsi dit, eta inoren menpeko ez izaten.
Gogoan dut ibilgailuaren bila joan, eta burura zetorkidalako, giltzak lurrera erortzen utzi eta kotxearen azpialdea begiratu izana. Ez ohituraz, hori bospasei aldiz egingo nuen. “Aita erail zuten, aitona ere bai..., eta zergatik ez dira nire bila etorriko?”, nioen orduan. Anormal horiek ez zuten aitzakiarik behar, biktima baten oinordekoa izatea aski izan zezaketen.
Andoain utzi izan dut, tarteka, baina ez terrorismo kontuengatik; lan arrazoiengatik baizik. Emaztea Kubakoa da eta beharbada egunean batean Kubara joango gara bizimodua ateratzera, bertan negozio txiki bat ipiniz.
Zein iritzi duzu elkarbizitzarako egitasmoen inguruan eta biktima ezberdinen artean egin diren elkartze-ariketez? Erakundeek sustatu dituzte, besteak beste, Andoaingo Udalak. 2018ko abenduan, esaterako, "Memoria partekatu baterantz" txostena argitaratu zen Andoainen…
Ez da erakundeen gauza bat. Adeitsu izatera behartuko gaituzte, ala? Espainiar itxia eta ergela dena berean gotortuko da, eta gauza bera egingo du Espainiak lapurtu egiten gaituela, kaka bat dela eta erailtzea ondo dagoela pentsatzen duen abertzale itxiak.
Nik arazoa aitonari lehergailua jarri ziotenarekin daukat, eta baita aitaren aurka tiroka ekin zuenarekin ere. Gainerako abertzaleekin ez dut arazorik. Abertzale diren adiskide piloa dut Andoainen, eta bizitza osoan herri berean elkarrekin bizi izan gara. Denekin elkarbizitza landu behar dela onartu beharra dago. Beharbada horietako batzuk noizbait onartu beharko lukete Euskadin independentziarekin batere ados ez dauden pertsonak daudela, eta ez dutela abertzaleen bizimodua gogoko.
Elkarbizitza ez dago erakundeen esku, jendearen esku baizik. Eta hala eta guztiz ere, bi belaunaldi beharko dira. Zeren eta nire belaunaldikook gaizki pasa dugu, mina jasan dugu, eta hori ez da ahazten. Hurrengo belaunaldiei mespretxu hori gabe bizitzen irakatsiz gero, elkarbizitzan sakontzen hobeto asmatuko dute.
Zein da erakundeen aldetik biktima modura jaso duzuen erantzuna?
Espainiar Estatuarekin ez nago inondik inora pozik, ez dut esker oneko hitzik. Horregatik, Espainiako Estatuak edo Eusko Jaurlaritzak omenaldiak antolatzen dituenean, ez naiz joan ere egiten. Urte askoan mespretxatuta sentitu naizelako. Ez dut lau urtero emango didaten animozko mezu faltsurik nahi, zeren eta jarraian burokrazia martxan jarri eta ez dizute deus ematen.
Guardia Zibilak edo COVITEk egiten dituen omenaldietara agertzen naiz. Guardia Zibila aipatu, eta bati baino gehiagori min emango diodala jakin badakidan arren, benetako laguntza eskaini digun erakunde bakarra da.
Aitonaren erailketaren 25. urteurrenean Andoainen ekitaldi berezia antolatu zen, eta esker onekoa izan nahi dut. Bereziki gugandik gertu egon zirenekin. Euren artean, Mikel Arregi, Jose Luis Vela eta Maider Lainez nabarmendu nahiko nituzke.
ETAren biktima modura dagokidan aitortza 36 urterekin lortu nuen, eraildako pertsona baten semea izateagatik. Eta hori kasua epaitegietara eraman eta gero lortu nuen. Domingo Merinoren semea nintzela ziurtatzen zuten frogak aurkeztu behar izan nituen, gurasoak ez zeudelako ezkonduta. Aitonari dagokionez, ez naute biktimatzat hartzen gu bion artean belaunaldi bat dagoelako. Biloba naizelako. Erakundeetatik etengabe entzungo duzue biktimen alde lanean ari direla…, baina hori gezurra da!
Lehen galera Villafañeren etxean |
DOMINGO MERINO AREVALO OSCARREN AITA
1978/7/5. ZARAUTZ. KALEAN TIROKATUTA HIL ZUTEN.
Garai hartan bizilekua zuen hotelaren parean tirokatu zuten, autoa aparkatzen ari zela. Zestoan egin zen hileta elizkizuna; ondoren, bertan lurperatu zuten. ETAk hilketa bere gain hartu zuenean, Merinori Guardia Zibilaren kolaboratzaile izatea leporatu zion. Hurrengo egunetan, ABC egunkariak Estanislao Treku bere adiskidearen adierazpenak jaso zituen; hark gezurtatu nahi izan zuen Txomin konfidentea zenik.
28 urte zituen Merinok, ETAk erail zuenean. Arevalo herrian (Ciudad Real) jaio zen, baina zortzi urte zituenean gurasoekin batera Zestoara etorri zen bizitzera. 1973an atxilotu egin zuten, propaganda subertsiboa banatzea eta diru faltsua edukitzea leporatu zioten, eta ia bi urte preso egin zituen Jaen, Madril, Logroño eta Martuteneko presondegietan.
Ehun-saltzailea zen lanbidez. Ezkonduta eta banatuta zegoen garai hartan, eta sei urteko alabaren aita zen. Maria Angeles Villafañe Campo bere bikotea zen, eta haurdun zegoen hilketa gertatu zenean. Are gehiago, harekin egon eta gero tirokatu zuten.
Emaztegaiak uztailean bikotekidea galdu, eta irailean jaio zen Oscar. Haurrak ez zuen aita ezagutzeko aukerarik eduki, beraz.
OSCARREN HAUSNARKETA: "Egia osoa 20 urterekin jakin banuen ere, amari ez nion sekula egia kontatu ez izana aurpegiratu. Ni babesteko egin zuela jakin badakit, nire baitan gorrotorik ez pizteko. Izan ere, bost urteko mutiko bati ezin zaio aita ETA-k erail diola esan. Lehergailu bat egitearen parekoa baita hori, eta ez dakizu nolakoa izango den hemezortzi urterekin".
Bigarren galera Villafañeren etxean |
JUVENAL VILLAFAÑE GARCIA OSCARREN AITONA
1993/9/16. ANDOAIN. LEHERGAILUA JARRITA HIL ZUTEN.
Makaldegiko aparkalekuan, autoan jarri zioten lehergailu batek oso zauri larriak eragin zizkion. Oraindik bizirik eraman zuten Arantzazuko ospitalera, baina berehala hil zen. Hileta Andoaingo San Martin elizan egin zen, eta bere emaztearen jaioterrian Islares herrian (Kantabria) lurperatu zuten.
Villafañek 77 urte zeuzkan hil zutenean. Leongo Mansilla de las Mulas herrian jaio zen, familia errepublikar batean. Gerrak soldaduska egiten harrapatu zuen eta Francoren troparekin egin zuen borroka. Eta orduan luzatu zioten guardia zibil gisa aritzeko eskaintza. Gerra bukatuta, jaioterrira itzulita, panorama tristea topatu zuen: Gosea, miseria, lanik eza..., eta guardia zibil sartzea erabaki zuen.
Juvenal Villafañek Andoaingo kuartelean urte bakan batzuk egin ostean, Aldundian hasi zen lanean, funtzionario gisa. Bertan hartu zuen erretiroa hamar urtetan jardun ostean, eta harrezkero burokrazia ofizialari lotutako agiritegiak (arma eta ehiza lizentziak, pasaporteak…) egiten zituen; Andoaingo hainbat herritarrek "Sarjento" ezizenez ezagutzen zuten, eta hainbat tramite ofizial egiten laguntzeko harengana jotzen zuten.
OSCARREN HAUSNARKETA: "Makaldegira jaitsi zen ibilgailua etxe ondora gerturatzera. Eta hantxe galdu zuen bizia aitonak, etxean bizi ginen gainerakook ez bezala. Izan ere, hori ostegunarekin gertatu zen, baina igandea izan balitz zer? Nire urtebetetze eguna zen eta, beharbada, autoa hartu eta ospatzera joango ginen. Pertsona bakarra lehertu beharrean, denak lehertuko ginatekeen orduan".