Sagardoaren kultura

"Sagardogileei lana erraztu zaie"

Aiurri 2020ko urt. 26a, 10:00

Amaia Zubeldia mugikorra eskuetan sagardotegiko erreserba online egiten. AIURRI

Internet bidezko txotx erreserben inguruan, Sagardoa.eus webgunea erreferentziazko gune bilakatu da. Datua argia da: Erreserben %70a online egiten da.

Iparragirre sagardotegian egin dugu hitzordua, Zubeldiak Internet bidezko erreserben inguruan dituen datuak jasotzeko asmoz.

Zenbateko igoera izan du sagardotegien Internet bidezko erreserbak?

Eboluzio oso handia izan du. Konturatu gara sagardogintzan sagardoa.eus erreferentziazko webgune bilakatzen ari dela. Datu batzuk ematearren, iazko urtarrilean jarri genuen martxan, txotx garaiaren hasieran, urte osoan egin dugu kontaketa eta konturatu gara erreserba guztien %70a online izan dela; %30a geratu da telefonozko edo email bidezko erreserbatan. Datu horiekin ikusi dugu bezeroari gustatu zaiola erreserba egiteko sistema berria, erraztu egiten zaiolako lana, gehien batean.

Euskaldunok zenbateraino erreserbatzen dugu sagardotegia online?

Hori da beste datu esanguratsua, iazko datuetan ikus daitekeena. Gehienak gipuzkoarrak, bizkaitarrak dira eta nafarrak ere badaude, zenbait arabar eta iparraldeko zenbaitek ere erabili du aplikazio edo erraminta hori.

Atzerritarren kasuan, berriz, menuak online erreserbatzeaz gain, bestelako produktuak ere eskatzen dizkigute: irteerak, esperientziak...

Online bidezko erreserbak sagardogileari lana erraztuko ziola adierazi zenuen Aiurrin, iaz. Urtebete igarota, zer diote sagardogileek?

Proiektu pilotu gisa planteatu genuen, iazkoa. Bi helburu ditu erramintak. Bata, bezeroari erreserba erraztea. Guk errazten dieguna da sagardotegia bilatzea, eta gero erreserba online egitea aurrerapen bat ordainduz. Bigarren helburua sagardogilea da. Txotx garaian, sagardotegiko pertsona bat telefonora lotuta egon ohi da egun guztian zehar. Online bidezko erreserbekin dei kopurua jaitsiz doa, eta horrek  sagardogileari lana errazten dio. Eraldatze bat da, telefonotik, liburutik eta boligrafotik ordenagailuetara edo mugikorrera.

Molde berrietara erraz egokitu dira?

Beldurrez ginen, baina egia esan, sagardogileek oso positiboki egin diote aurre. Erreserbak sagardoa.eus webgunean eskaintzeaz gain, sagardogileei euren webguneetan sistema hori bera jartzeko aukera eskaini diegu. Badira bi sagardotegi pauso hori eman dutenak. Gure helburua, urtez urte, geroz eta sagardotegi gehiagok pauso hori ematea da.

Online erreserbatu nahi duenak nondik egin behar du?

Sagardoa.eus webgunean sartu, 'Sagardotegiak erreserbatu' aukeran klikatu eta bertan aukera daiteke norberari ondoen egokitzen den sagardotegia. Filtro sistema baten bitartez lurraldeka, herrika erreserba egin daiteke. Familian joatekoa den edo ez, haur parkea duen ala ez, bisita gidatuak eskaintzen ote diren... informazio hori eskaintzen da ere. Behin aukeraketa eginda, eguna eta pertsona kopurua  adierazi behar da. Pertsonako 5 euroko aurrerapena ordaindu behar da, eta 5 euro horiek otordua ordaintzean deskontatzen dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!