Andoain Elkarlanean agintaldi planaren aurkezpen ekitaldia La Salle Berrozpe ikastetxean

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 13a, 20:17

PSE-EEko Lainez, Verdasco eta Parron eta EAJko Ruiz izan dira La Salle Berrozpe ikastetxean Udal gobernu taldea ordezkatzen aritu diren zinegotziak. Galde-erreguen artean, proposamen ezberdinak egin dira. Dena esatera, aurreko bileretan agertu diren antzekoak.

Galde erreguen atalean belardiak eta zuhaitzak, zakur kakak, trafikoa... bilera guztietan agertzen ari diren aztergaiak dira.

Bi bizilagun ezberdinek Nafarroa plazan argi gutxi dagoela adierazi dute.

Beste bizilagun batek Plazaola auzoarekiko atentzio hobea eskatu du, auzoa nahiko ahaztuta dagoela argudiatuta. Eguberrietan argia ipini duten zuhaitz handiak arriskua sor dezakeela aditzera eman du hitza hartu duen auzotarrak.

Parke naturala izendatzeak zein abantaila izan dezakeen galdetu du herritar batek, eta erantzun airean geratu da. Egitasmoa gauzatu ahala jakingo dela iradoki da. Nolanahi ere, turismora begira Andoaingo gune berdeak duen ikusgarritasuna aitortzeko adostasuna nabaritzen zen bileran.

Beste batek, Leitzaran aipatzen hasita, oinezkoen ibilbidearen hasieran egon daitezkeen arrisku guneak saihesteko neurriak hartzea eskatu du. Bereziki, adar solteek eta zuhaitz eroriek sor dezaketen arriskuari begira. Auzotar berdinak ibilbide horretan solte dabiltzan zakurrei buruzko ohartarazpena egin du. Kexu agertzen zen horrekin.

Zakurrei lotuta, araudia betetzea eskatu du beste auzotar batek. Eta zakur kaken inguruan kexa agertu du. Ikastolaren ondoan eta udaletxearen atzealdean dauden berdeguneak kakaz beterik daudela adierazi du, eta horiek ez direla kentzen gaineratu du. Itsusia izateaz gain, higiene arazoa dela erantsi du. Kale eta espaloietan aurki daitekeen kaka kopuru handiarekin ere kexu agertu da.

Kalean “vadoa” duten garajeen aurrean ibilgailuak maiz uzten diren salaketa egin da bileran. Kaltea da garajetik ibilgailua atera nahi duenarentzat. Udaltzaingoak bertatik pasatzean ibilgailu horiei isuna jarri edo garabia erabiltzeko proposamena luzatu du, egun hori ez dutela egiten adierazi baita.

Aierbeko pasabidean eta inguruetan trafikoa bideratzeko eskaera hizpide izan da bileran. Alkateak erantzun du iritzi ezberdinak daudela, auzune horretan trafikoa bideratzeko aukera ezberdinak aztertzen ari direla eranstearekin batera.

Arrate, Nafarroa, Elizondo, Goikoplaza, Galardi, Extremadura eta Plazaolako auzotarrak zeuden bilerara deituta.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!