Euskadin egoera kontrolpean izan arte, protokoloak egunez egun alda daitezke. Hauxe zen egoera:
Andoaingo Anbulatorioa:
Osakidetza gainerako anbulatorioetarako agindutako protokoloa ezartzen ari da. Bertaratzen denari edo telefonoz hots egiten duenari oinarrizko informazioa helarazten zaio.
Gela berezia prestatu dute, erizain baten ardurapean dagoena. Sintomatologiarekin (eztula, sukarra, arnasa hartzeko zailtasunak...) datorren herritarra gela horretara bideratzen dute. Aurreneko egunetan sarreran ahoko maskarillak jartzen hasi ziren, baina berehala desagertzen zirenez, bertatik kentzea erabaki zuten.
Eguneko Zentrua:
Egunero-egunero bertaratzen diren adineko pertsonei egunean bitan tenperatura hartzen diete. Eskuak maiz garbitu behar izaten dituzte.
Adineko pertsonek koronabirusaren gaitza harrapatzeko arriskua handiagoa dutela kontuan hartuta, astehelenean erabaki zorrotza hartu zuten egoitzan, neurri prebentibo gisa: egoitzara egunero hurbiltzen diren 22 pertsonetatik hamarrei etxean geratzeko gomendatu zieten. Eztula egiten zutelako edo arnasa hartzeko arazoak zeuzkatelako, ez beste ezergatik.
Jubilatuen egoitza:
Tabernaren eta Bertxin elkartearen egoitzaren sarreran eta irteeran eskuak garbitzeko protokoloa ezarri dute.
Apartamentu babestuak:
Udalaren ardurapean dauden zortzi apartamentuetan bizi diren adineko pertsonei erizain batek tenperatura egunean bi txandatan hartzen die.
Gizarte eta kultur mailako ekitaldiak:
Unetik unera aldatuz doa birusarekiko informazioa, eta herri mailako arduradunak Udalaz gaindiko agintarien esanetara daude. Asteazken eguerdian Udalari egindako kontsultan, asteburua begira iragarrita zeuden gizarte eta kultur mailako ekitaldiak bere horretan mantentzen dira.