Prentsaurrekoaren bitartez, Andoaingo Udalak lasaitasun mezua igorri nahi izan die herritarrei. Esandakoaren harira, gerta daitezkeen kutsatzeaz saihesteko gomendioak ere eman ditu Maider Lainez alkateak:
- Eskuak garbitu: urarekin eta xaboiarekin garbitzea.
- Adinekoen eta haurren kontrol termikoa, sintomatologiaren bat ikusiz gero.
- Arnas arazo edo sukarraren edozein sintoma izanez gero, etxean egon eta osasun zentrora deitu 943 00 66 70.
Prebentzio neurriak
Esanak esan, neurri zorrotzagoak hartu dituzte. Jende helduaren pilaketak saihesteko, prebentziozko neurri gisa, Ibili Andoain martxa bertan behera geratuko da asteazkenean (martxoak 11). Halaber, erretiratuen klubei euren jarduera kolektiboak bertan behera uzteko gomendioa zabaldu die Udalak, leku itxiak eta gehiegizko gertutasuna saihestearren.
Prebentzio-neurri horien bitartez, Andoaingo Udalak biztanleria-talde ahulenak babestu nahi ditu. Horrez gain, Andoaingo kasua antzeman ostean, alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunak koordinazio-bilera bat egin dute Andoaingo osasun-zentroko langileekin eta Tolosaldeko OSIko arduradun batekin.