Ez gaude etxean hainbeste ordu igarotzera ohituta… Psikologo bezala, zein gomendio luzatuko zenuke egoera berezi honi ondo erantzuteko?
Ezin miraririk egin, baina garrantzitsua da egunerokotasunean ordutegiei eustea. Ordu egokietan oheratu eta jaikitzea. Otorduak ere ondo mantentzea, orduak finkatuz. Etxetik lanean ari gara asko eta lan ordutegia zehaztea ere beharrezkoa da. Tartean umeak ere badira etxe askotan eta haiei kasu egiteko denbora hartzea ere bai, noski! Berrogeialdia ondo bideratzeko garrantzitsua da ordutegiei garrantzia ematea.
Goizean jaikitakoan, kalera abiatu beharko bagenu bezala prestatzea komeni da. Etxeko zapatilak jantzita egon arren, dutxatu, ondo gosaldu eta kaleko arropa janztea gomendatzen dut, ez egun osoan zehar pijama jantzita etxean egotea. Ezberdin hasten da eguna dutxatu eta arropa garbia jantzita. Egunari aurre egiteko indarra ematen du bakoitzak bere eginbeharrei ekin aurretik prestatzeak.
Lotarako ordutegia errespetatzea ere oso garrantzitsua da. Loa gauez eta aktibitatea egunez mantentzea, bestela erabat nahas baitaiteke egoera eta ondorio kaltegarriak ekarri.
Etxe barruan kirola egiteko nahikoa mugatuta sentitzen gara, baina ahal dela, modu aktiboan mantentzea komeni da: luzapenak eginez, bestelako ariketak, musikaren laguntzaz edo gabe, baina mugituz, behintzat... Bakoitzak dituen aukeren arabera, noski. Baina, aktibitateari eutsi behar diogu, ‘jan eta egon, jan eta egon’, gorputza gogortuta geratzen baita bestela.
Alderdi onei begira jarrita, zer ikasi beharko genuke ezohiko egoera honetatik?
Konfinamendu egoeraren alderdirik baikorrena, egin behar duguna egiten ari garela ohartzea da; etxean geratzea dela egoera honetatik atera ahal izateko eman dezakegun pausorik onena. Egunerokotasunean korrika bizi gara, presaka beti, eta bat-batean egureroko erritmo bizi hori erabat moteldu zaigunean, oso momentu politak sortzen direla ikusi behar dugu. Eta, dudarik ez, etxeko goxotasuna aprobetxatu behar dugu, momentu berezi horiek bizi. Oraintxe dugu momentu txiki-handiez gozatzeko momentua!
Gainera, egoera hau oso baliagarria da gogoeta egin eta gure eguneroko martxa hori aztertzeko.
Beste hainbat gomendio:
-Errealitatea onartu eta ondo jokatzen ari garela jabetu.
-Egoki informatu.
-Lagun eta ingurukoekin harremanetan mantendu.
-Aprobetxatu momentua.
-Landu irudimena.
-Eutsi umoreari.
Zer moduz ari zara moldatzen etxetik lanean?
Agifes elkarteko psikologo gehienak etxetik ari gara lanean, baina pisu tutelatuetan gehitu egin dugu hezitzaileen presentzia. Eguneko aktibitateak erabat murriztu direnez, goiz eta arratsaldez indartu egin dugu haien laguntza.
Ni, psikologo bezala, etxetik ari naiz kasu ezberdinen jarraipena egiten. Telefonoz nahiz bestelako plataformei esker aritzen naiz lanean, kasuan kasu, bakoitzak behar duen maiztasunari erantzunez. Egia esan, kosta egiten da. Dei asko egiten dut egunean zehar eta arreta berezia jarri behar izaten da, zuzeneko elkarrizketatako detaile ugari ez baita ikusten telefono bidezko elkarrizketatan. Baina baditu bere alde onak ere, maiztasuna handiagoa baita.