Zaurituen trena
Isilik hondoratzen den isiltasuna,
gaueko aho itxien isiltasuna da.
Ahoz hartuta ere isilean dena.
Hildakoen hizketa etena mintzo da.
Isiltasun.
Sakoneko kotoizko bideak urratuz,
mutu dira gurpilak, erlojuak mutu,
uso-itsasoaren boza geldiarazi:
ez dezala ametsen gaua hunkiarazi.
Isiltasun.
Odol deslaia eta euria den trena,
odolusten direnen tren apurterraza,
isilkorra, zurbila, oinazegarria,
sufrimenduetako tren soinu gabea.
Isiltasun.
Gorako zurbiltasun hilgarrizko trena:
buruak gaineztatzen dituen zurbila,
aienea, ahotsa, bihotza, zorua,
larriki zauriturik diren bihotzena.
Isiltasun.
Isuriz doaz hankak, besoak, begiak,
puskak botatzen dira trenetik behera.
Mingostasun hondarrak barreiatzen dira,
izarrezko adarren beste esne bidea.
Isiltasun.
Kemengabeko trena, erlats, gorritua:
hilzorian ikatza, hasperenka kea
eta lokomotora, amaren antsiaz,
etsipen luze baten gisaz aitzin doa.
Isiltasun.
Ama handiak nahi luke, tunel baten pean
gelditu, eta negar-zotinka ari izan.
Pausatzeko tokirik, geltokirik ez da,
ospitale edota bularra ez bada.
Bizi ahal izateko, puska bat aski da:
haragi ertz batean inor kabitzen da.
Hegal zati bakarraz, atzamar bakarraz,
gorputz oso bat hegan goraka hasten da.
Isiltasun.
Geldi ezazue tren hilzorizko hori
gaua etenik gabe zeharkatzen ari.
Zaldia bera ere hanka-hutsik lotu da,
hatsa eta apatxa hondarreztatuta.