“Beti izan dut gogoko Leitzarango bailaran ibiltzea, gazteagoa nintzenean makina bat alditan joana naiz Leitzaraino. 80 urte bete berriak ditudan arren, ibiltari arina naiz eta ez naiz erraz nekatzen, naturak eman didan suerte hori daukat”.
Egunotan, ordea, amorrazioa pasioan aske-aske ibili ezinak eragiten dio. “Ogia erostera ateratzen naiz besterik ez bada ere. Ibiltzea eskatzen didate buruak eta oinek, eta kalekoa mugatua dagoenez legez, etxeko eskaileratan gora eta behera aritzen naiz, premia hori asetzeko”.
Kalean apenas sumatzen duen bere adinekorik. “Nahiz eta pertsonen artean beharrezkoa den distantzia hartuz gero gutxieneko enkarguak-eta egin litezkeen, beldurra dago dago kalera atera eta kutxatzeko; are gehiago, koldarkeria puntu bat ere badagoela esango nuke. Oso jende gutxi topatzen dut kalean, eta nire adinekorik ez. Seme-alabek esaten didate kalera ez irteteko, baina badakite alperrik dabiltzala, ez diedala kasurik egingo. Autonomoa naiz, eta gorputza mugitzea ezinbestekoa da niretzat. Bestalde, oos bilagun jatorrak dauzkat eta edozertan laguntzeko eskaintzen zaizkit”.
Komunikabideetan, estadistikak egiterako orduan, maiz aipatzen da adineko pertsonak direla gaixotasunak jota hiltzen ari diren asko eta asko, eta horrek ere ezinegona eragiten dio Marisoli. “Normala gero adineko pertsonak kalera atera nahi ez izatea! Izuak ez garama inora, paralizatu egiten gaitu eta ez gaitu pertsona librea izaten uzten. Nik behintzat, barneratuta daukat heldu behar bazaigu gaixotasuna, edo eta heriotza, etorriko dela. Ez du ezertarako balio ezer etorri aurretik beldurrez jota bizitzeak. Kaltea besterik ez digu egiten jokaera horrek. Igual ni inkonziente samarra izan naiteke, baina horrela pentsatuta zoriotsuagoa zarela iruditzen zait. Baikortasunik gabeko bizitza tristea egiten da, eta gertuko jendea ezagutu izan dut horrela bizitu izan dena. Ez du merezi”.
Marisol 1940an jaio zen, Nafarroako Satrustegin (Arakilgo kontsejua), eta gaztetan Andoainera etorri zen gurasoekin batera. Intex lantokian 13 urteko neskakoskorra zela hasi zen, baina hogei urtetara iritsi orduko, Alemaniako bidea hartzea erabaki zuen, orduan indarrean zebilen emigrazio ekonomikoarekin bat eginez. “Ni beti izan naiz ipurterrea eta ausarta, eta amari baimena eskatu nion, hara lanera joateko. Ahizpek, ondotik, eta zeharo asaldatuta, esaten zidaten: “zertan zabiltza? Burutik joana zaude. Freska deituko dizute!”. Izan ere, halaxe esaten baitzien Alemaniara joaten ziren emakumeei. Beno, bada amak aurrera egiteko erantzun zidan; berak ere aukera galdu omen zuen gaztetan Argentinara joateko, eta pena hori zeukan”.
Hamar urte Alemanian lanean jardun ostean Andoainera itzuli zen, eta bertan Juan Oliva lakuntzarrarekin ezkondu zen. Marisol 2014an alargun geratu zen. Seme alaba eta biloba ugari dauzka, egun.