Koronabirusa

Bere desioa betez, lanean da berriro Marta Lopez Martin

Jon Ander Ubeda 2020ko api. 11a, 17:55

"Sendatu eta ospitalera itzultzeko gogoz nago", horixe zioen Marta Lopez Martin Andoaingo erizainak Aiurriri eskainitako elkarrizketan. Azken asteetan koronabirusagatik kutsatuta egon eta gero, bere desioa bete du. Lanean da berriro.

Osasun arloko langile honen jokabidea eredugarria da. Haur txikiak izanagatik ere, bere lanbidea biziki maite du. Eta osasuna berrezkuratzearekin batera, lanera itzuli nahi zuen. Gaur izan da itzulera eguna. Larunbat honetan hasita, Martak gaixoak zaintzen jarraituko du.

Apirileko lehen egunetan bere lekukotzaren berri eman genuen, eta elkarrizketa hark oihartzun zabala izan zuen Andoain aldean. Gogoan izan kaletxikitarrek ere aitortza berezia eskaini ziotela.

Gaur ere, iluntzeko txaloetan gogoan hartu beharreko osasun langileen artean, toki berezia egin behar zaio Marta Lopez Martini. Eredu delako, beste profesional askotxo bezala. Gertura begira jarrita, Aiurriri lekukotza eskaini dioten Nahikari Sanchez, Intza Cabrera Jauregi, Amaia Agirre, Leire Martin eta beste hainbeste gehiago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!