GALDERAK
1 Energia ez da galdu, eraldatu baizik. A zer nolako egitaraua prestatu duzuen! Zein balorazio egiten duzu zuk, egitaraua ikusita?
2 Jaia gerturatzen ari da. Zer ari zarete inguruan nabaritzen? Parte hartze handia espero duzue?
3 Zuk zeuk zein ekitaldi nabarmenduko zenuke? Zer iristeko edo ikusteko gogoz zaude?
4 Zer esango zenieke festazaleei?
AITOR IBARGUREN
1 Oso balorazio positiboa, egia esan. Pertsonalki, ezkor nengoen, baina eragileak animatzen ari zirela ikustea bultzada handia izan da guretzat.
2 Alde batetik, pena sumatzen dut inguruko jendearengan, normala den bezala. Bestalde, gogoa. Parte hartze handia egongo dela uste dut, bi aldetatik: Lehenik, eragile eta jendearen aldetik; bigarrenik, horrenbeste jende ezberdin eta horrenbeste eragile ezberdin lotuta, horrek sortuko duen ikusmina handia izango da eta uste dut herritarrek ere ondo erantzungo dutela.
3 Bertso saioa nabarmenduko nuke. Zuzenean egingo da, eta andoaindarrez osatuta. Batzuk esperientzia gehiago dute, plazan kantatzen. Beste batzuk bertso eskolan bakarrik aritutakoak dira.
4 Aurten Santakrutzak ez dira betiko egoeran egingo, baina horrek ez digu festaz gozatzeko gogorik kendu behar. Ea guztion artean zerbait txukuna ateratzen den.