Animozko hitzak, puxikak, bluxak, ikurriñak, zapiak... jaia gogoan duen herrikide asko dago auzunean. Zumea plazan eta Aingurasutegin ere antzeman zuten jairako gogo hori. Festak modu berezian egingo badira ere, alaitasunerako eta festarako gogoa dagoela argi geratu zen. Egun hauetan dozenaka leiho eta balkoi apainduta agertuko dira. Eta ez soilik jaiaren eremuan. Herriaren bestaldean dagoen Arantzibia kalean, esaterako, jaien zapi erraldoi bat balkoi batean eskegita dago.
Arratsaldeko lehen orduan abiatu ziren jaiak, Aiurrik sustatu zuen haurren pregoi telematikoarekin. Azken egunetako ekimena izan zen, Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea eta Ondarreta ikastetxearekin batera adostutakoa. Bideo bidezko pregoia izan zen, aurreko urteetako irudiekin uztartu zena. Ohi bezala, ikasle gazteek mezuak eta bertsoak uztartu zituzten.
Segidan, Instagram bidez txokolatea jateko tailerra eskaini zuen Ander Guerrerok. Zuzeneko emanaldiak, atzokoan, Instagram bidez zabaldu ziren. Eta zuzeneko konexio horietan ehundik gora lagun elkartu ziren. Baita gaueko emanaldian ere. Kantari aritu ziren Goiatz, Itxaso eta Uxue ahizpak eta baita Esti eta Aran ahizpak ere. Emanaldi horrekin amaiera eman zitzaion gaueko kontzertuari.
Auzunea jaietan murgildu da
Egoera berezi honetan, jaia orduz ordu hauspotuz joan zela esan daiteke. Azken ordukoa izan zen musika zabaldu zuen ibilgailua kalez kale ibiltzeko ekimena. Eta musikari lotuta, Zumea kalean, Alvaro Baños musikariak zuzeneko kontzertua eskaini zien auzotarrei.
Zumeatarraren martxa gogoan izan zuten, nola ez, jaien hasieran. Efemeride borobilera iritsi dira, elkartea sortu zeneko 50 urte betetzen baitira. Jaien hasierako protagonistatakoak izan ohi dira. Aurten ere ez zuten hutsik egin nahi izan. Zumeatarrako hainbat kide danbor jotzaile modura jantzita atera ziren balkoira, musikaren erritmora danborra joz aritu zirela.