Buruntza auzoan kokatzen den Illarramendi baserria eraistekotan dira, hurrengo egunetan. Industrigunea eraikitzeko egitasmoa dago bertan.
Baserri bikaina, dotorea da Illarramendi, inondik ere. Lur-sail zabaleko baserria izan zen iraganean, baina murrizten joan da bere eremua hamarkadaz hamarkada, N1 errepidea, Ama Kandida etorbidea zein Urumeako A15 autobidearen eraikuntza dela medio. Aurreko astean lur mugimenduko lanak hasi ziren, eta datozen egunetan baserria eraitsiko dute. Azken mendeetako eraikina historiara pasatzear dago, beraz. Etorkizun hurbilean industriarako eremu bilakatuko dute, eta 91.280 metro karratuko lur azalerako espazioa hainbat jarduera ekonomiko burutzeko bideratuko da; antza denez, eremu handiko supermerkatu bat ipiniko dute bertan. Ondoan dagoen enpresa handitzeko ere baliatuko dute.
Aiurrik baserriari eta bertan bizi izan den Jauregi familiari buruzko erreportajea argitaratuko du, hurrengo asteetan.