[LEHEN ATALA | FUTBOLA]

Ubitarte zelaiak hamar urte

Xabier Lasa 2020ko mai. 17a, 21:45

Ubitarte zelaiko harmaila eta instalakuntzak 2010eko apirilaren 17an inauguratu ziren, eta hamar urte igaro dira ordutik, hortaz. Andoaingo kirolari eta kirolariei ekarri dien onurei eta etorkizunari buruzko balantzea egiteko tenorea iritsi dela esan daiteke

Andoaingo kirol instalakuntzen arloan pauso garrantzitsu bat eman zela adierazi zuten inaugurazio ekitaldira hurbildu ziren politiko, kirol eragile, kirolari eta kirol zaleek 2010eko apirilaren 17ko egun hartan. PSE-EE, EAJ, EB eta Hamaikabat alderdietako udal ordezkariak (ezker abertzalea legez kanporatua zegoen) eta kirol taldeetako ordezkariak bildu ziren zinta moztearen erritualera. Urkiko taldeko dantzariek agurra dantzatu ostean, Joxean Huizi Euskaldunako lehendakariak hitza hartu eta zera adierazi zuen: “Gure aspaldiko ametsa bete da. Partidak ikustera gatozenontzat erakargarria izango da, eta baita etorriko direnentzat ere. Jakin badakigu eraikina altxatzea ez dela erraza izan, bizi dugun egoera ekonomiko zailean ahalegin ekonomiko handia egin delako”. Estanis Amutxastegi Alkateak ere poza agertu zuen: “(...) kirol azpiegitura berria zabaldu eta zuei aurkeztera etorri gara. Andoaingo jokalarientzat gisa honetako azpiegitura bat eskaintzeko gogoa izan dugu betidanik”. Aldi berean, hurrengo denboraldirako Foru Aldundiari belar artifizialeko zelaia berritzeko laguntza eskatu zion “gure jokalariak zelaian erre ez daitezen”.

Ondoren, bildutako guztiek eraikuntza zuzendu zuen Anjel de la Hoz arkitektoarekin batera bi solairuetan barrena bisita gidatua egin zuten. Goiko solairua (225 ikusleentzat harmaila, bileretako gela, komunak txarteldegia eta taberna) ikuslegoari zuzenduta dago, eta behekoa (jokalari nahiz epaileentzat sei aldagela, biltegia, masajerako gela, mantenimendu gela eta komunak) kirolarien beharrei egokituta.

Ordura arte futbol zelaia eta atletismoko gunea Allurralde bezala ezagutu zen, baina egun hartatik aurrera Ubitarte izena jarri zitzaion.

Ixiar Olano Allurralde kiroldegiko teknikariak gogoratu duen bezala, Allurralde kiroldegiaren jarraipen gisa egin ziren futbol zelaia eta atletismoko pista 1998an. “Allurralde 1992an ireki izanak iraultza ekarri zuen andoaindarren jarduera fisikoaren praktikan. Alde batetik, ordura arte praktika fisikorik egiten ez zuten herritar gehienek jarduera desberdinak ezagutu eta praktikatzea ahalbidetu zuen, igeri egitetik hasi eta une hartan sortzen ziren jarduera gidatuen aniztasuneraino. Eta, nola ez, jada funtzionatzen ari ziren kirol taldeentzat beharrezkoa zen kalitatezko bultzada izan zen, eta kirol berriak praktikatzea ahalbidetu zuten klub berrien sorrera eragin zuen. 1998an, Allurralde ondoko zelaiaren eraikuntza, berriz, belar artifizialarekin, aldaketa handia izan zen”.

Oraindik harmaila estalirik ez eduki arren, zelaia eraikitzea oso urrats garrantzitsua izan zen Olanorentzat, “batez ere taldeak gehitzea eta hobeto entrenatu ahal izatea ahalbidetu baitzuen, belar artifizialak ez baitu belar naturalak adina zainketa behar eta erabilera askoz ere gehiago jasaten baitu. Euskalduna belar naturalean eta instalazio zaharkituetan entrenatzetik askoz gehiago entrenatu ahal izatera pasa zen, belarraren egoeraz etengabe arduratu beharrik ez izatera, eta bere kategoriarako egokiak diren aldagelak eta biltegia edukitzera”.

Ramon Iriartek gertutik ezagutu zuen Etxeberrietako zelai zaharretik Allurraldeko zelai berrirako jauzia, orduan Euskaldunako zuzendaritza batzordeko kide baitzen, eta izaten jarraitzen baitu geroztik ere. “Kirolariarentzat aldaketa izugarria eragin zuen. Lokatz-hondar zelai batetik, belarra artifiziala zeukan zelai batera igaro ginen. Etxeberrietan “indarrak” garrantzi handia zeukan, oso gutxitan baitzegoen jokalarien “teknika” edo trebezia erakusteko aukera. Eta bestetik, Etxeberrietako aldagela xixtrinetik, kiroldegiko aldagela berrietara pasa ginen, dutxa eta leku gehiagorekin”.

Beste hobekuntza nabarmena, argi artifizialarena izan zen Iriarterentzat. “Etxeberrietan, zortzi foko txiki zauden, eta ipurtargi horrekin entrenatzen genuen. Ezinezkoa zen partida bat jokatzea, ilundu orduko! Azken batean, belar eta argi artifizialei esker, handitu egin ziren asteburuetako ordu tarteak partidak-eta jokatzeko, eta Euskalduna kluba pixkanaka hazten joan zen. Alderaketak alderaketa, esango nuke antzeko zerbait gertatu zitzaiola Realari 1992an, Atotxatik Anoetarako jauzia eman zuenean”.

Nolanahi ere, hobekuntza guzti hori ikusleek ezin izan zutela gozatu gogoratu nahi izan du Iriartek: “Zergatik? Bada, Etxeberrieta zaharrean, gutxienez, estalitako bi eremu zeudelako eguraldi txarretik babestu ahal izateko. Allurraldeko zelaira igarotzean, ordea, babesik gabeko harmaila topatu genituen; haizeak eta euriak errukirik gabe jotzen zuten han! Harmailen orientazioagatik, esan dezakegu Etxeberrieta babestuagoa zegoela. Urte gogor haietan, klubeko benetako heroiak taldea babestu zuten zaleak izan ziren, taldea partidaz partida animatuz! Zeharkaldi nekagarri horrek 12 urte iraun zuen, 2010era arte”.

2010ean, Ubitarte

2010an Ubitarte izena ipinita instalazioak eraiki zirenean kalitatezko jauzia gertatu zela dio Olanok: “kalitatezkoa, bai klubarentzat, bai bazkideentzat eta, oro har, publikoarentzat. Harmaila estaliak eta gainerako instalazio zentralizatuek, aldagelek, biltegiek, bulegoek eta tabernak klubeko zuzendaritzaren lana erraztu zuten”.

Iriartek onartzen duen bezala, Euskalduna futbol kluba izan da onuradun nagusia zelaia eraiki zenetik. “Egin kontu, Etxeberrietatik bost talde federatuekin irten ginen, eta 2010era 10-11 talderekin iritsi ginen. Eta urte horretatik aurrera hazten segi genuen, Allurraldeko instalakuntzak arinduz batera nolabaiteko autonomia lortu baikenuen. Federatutako talde gehiago inskribatzeko aukera eman zigun, eta gainera, futbol eskola martxa jarri genuen. Zalearen ikuspuntutik ere, hobekuntza ikusgarria izan zen. 12 urteko sufrimenduaren ondoren, partidez gozatzeko espazio estali bat, komunak eta kantina bat edukitzeak, gure espektatiba guztiak gainditu zituen”.

Euskalduna taldearen egungo erradiografia egin digu Iriartek: “400 kirolari inguru mugitzen ditu Euskaldunak, federatutako 12 talde eta beste 12 talde futbol eskolan (150-170 neska-mutil). Zelaia honako ordutegiarekin erabiltzen dugu entrenatzeko: 17:00etatik 22:00etara, astelehen, astearte eta ostegunetan; eta 15:30etik 22:00etara, asteazken eta ostiraletan. Gero, larunbat eta igandeetan, jokatzen diren partiden arabera, 09:00etatik 22:00etara, larunbatetan, eta 09:00etatik 14:00etara, igandeetan. Etorkizunari begira ez daukagu erraza gehiago haztea, futbol zelai bakarra edukita. Andoaingo pare dauden zenbait herriek bi zelai dauzkate (Tolosa, Ordizia, Azpeitia, Azkoitia, Errenteria, Bergara, Hondarribia…) eta nahiko argi dago hazten segitzeko gaitasun handiagoa daukatela”.

Erronkak, etorkizunerako

Ubitarteko instalakuntzak egokiak direla aitortu arren, badaukate zertan hobetua Iriarteren iritziz. “Kirolariaren ikuspuntutik, instalazio oso onak direla esan dezakegu. Baina dagoena hobetzeko ahalegin horretan, etorkizunean zenbait alderdi jorratu beharko liratekeela iruditzen zaigu. Esate batera, zelaian instalatutako fokuen potentzia eta kokapena (jokalekutik urrun) direla eta zelaian gune ilunak geratzen dira, eta, ureztatze-sistemarekin arazoak maiz izaten ditugu. Zaleen ikuspuntutik, oro har, nahiko pozik daudela esan daiteke, batik bat nondik gatozen ikusita. Baina bi motatako kexak izaten ditugu; alde batetik, sortzen diren aire korronteek partidetara bertaratutakoak izoztuta uzten dituztela, eta bestetik, estalkiaren diseinuaren eraginez, euriarekin batera haize pixka bat egiten badu, harmailak erabilezin geratzen direla, bertan geratuz gero busti egiten delako”.

Euskaldunak Udalari egindako beste zenbait proposamen zehaztu ditu Iriartek: “Futbol zelaiko bi ateen atzean dauden bi zirkulu erdi horiek belar artifizialarekin estaltzea proposatu izan dugu, uste baitugu egoki etorriko litzaigukeela astean zehar entrenatzeko eta partidu egunetan beroketa ariketak egiteko ez ezik baita ere futbol eskolako entrenamendu eta partidak jokatzeko. Erantzun zaigunez, batean behintzat ezin omen da, azpian ureztatze-sistema dagoelako. Bestalde, orain dugun beharrik handiena goiko partean biltegi bat edukitzea da, kantinaren materiala eta beste zenbait azpiegitura gorde ahal izateko”.

Ixiar Olano Allurraldeko kirol teknikariak aitortu du Iriartek aipatu dituen hobekuntza horiei heltzeko asmoa daukala Udalak legealdi honetan. “Ubitarten dagoeneko lantzen ari garen erronken artean, harmaila hobetzea eta Euskalduna klubaren behar zehatz batzuei erantzutea daude”. Allurralderi dagokionez ere, Olanok legealdi honetan esku artean dituzten bi erronka garrantzitsuenak gehitu ditu: “kirol anitzeko bigarren pista bat eraikitzea eta espazioak handitzea dira horiek, inbertsioen zein kirol elkarteen beharrak asetzearen ikuspegitik. Nolanahi ere, une hauetan bizitzen ari garen salbuespeneko egoerak pentsarazten dit jarduera fisikoa egiteko eszenatoki berrietan pentsatu beharko dugula, eta erronka berriei aurre egin beharko diegula”. Gaur egun, 6.521 abonatu eta erabiltzaile dituzte Andoaingo udal kirol-instalazioek, hots, Allurralde, Arrate eta Ubitartek (2.909 emakume eta 3.612 gizon). Horietatik 269 federazio fitxa daukate (58 emakume, 211 gizon). Datu horiei, Euskaldunako futbol eskolako jokalari txikiak gehitu behar zaizkie.

Kirol instalakuntzei dagokionez, hainbat mugarri aipa daitezke:

1977/06/24
Arrate pilotalekua ireki zuten.

1992/06/26
Allurralde kiroldegia ireki zen. Igerilekua, kirol pista, aerobikerako gela eta bi squahs pista.

1993
Kiroldegian sauna eta hidromasaje zerbitzuak ireki zituzten.

1993
Allurralde Kirol Patronatua sortu zen. Herriko kirol eskaintza eta instalakuntzak kudeatzeko helburuz.

1998
Kiroldegian gimnasioa eta aldagela berriak eta kanpoaldean atletismorako eta futbolerako kirol-gunea eta estali gabeko harmailak ireki zituzten.

2010/04/17
Futbol zelaiaren eta atletismo gunearen ondoan eraikin berriak (harmaila estaliak eta instalakuntzak) ireki zituzten. Ubitarte izena jarri zioten gune osoari.

Urte berean, kiroldegian squash gelatako batean rokodromoa jarri zen eta bestean spinning gela.

Ubitarte toponimoa

'Andoaingo Toponimia' liburuan (egilea: Amaia Usabiaga; Euskaltzaindia, 1993) zehazten denez, “andoaindar askok gogoratuko dutenez, garai batean Makaldegiaren parean uhartetxo bat egiten zuen, Isla izenez ezagutzen zena, alegia. Isla hori dokumentazioan Ubitarte(a) izenarekin agertzen zaiguna, etimologikoki adiera bera duen hitza: u(r)-bi-tarte…”. Leku horretan Azpikoerrota errota kokatzen zen iraganean.

Erlazionatuak

Atletismoa Ubitarte zelaian

Xabier Lasa 2020 mai 18 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!