[BIGARREN ATALA | ATLETISMOA]

Atletismoa Ubitarte zelaian

Ubitarteko atletismo pista futbol zelaiarekin batera eraiki zen 1998an. Erabilera anitzeko instalakuntza da, eta ikastetxetako ikasleek eta hainbat kirol elkarteek atera ohi diote zukurik handiena. Nagusiki, Zumeatarra atletismo elkarteak.

1992ko ekainean Allurralde kiroldegia ireki zen, eta handik sei urtera, 1998an, kiroldegian bertan gimnasioa eta aldagela berriak ipintzearekin batera, kanpoaldean, atletismorako eta futbolerako kirol-gunea eta estali gabeko harmailak ireki ziren.

Osasun krisialdiak Udal kirol instalazioak itxiarazi dituen arren, esan behar da atletismo pistara praktika desberdinetako kirolariek gerturatzen direla, astean zehar. Horien artean, noiznahi ikusi ohi dira Ganbara saskibaloiko, Euskalduna futbol taldeko edo Leizaran eskubaloiko maila desberdinetako jokalariak, edo eta, kiroldegiko zenbait erabiltzaileak (“emakume korrikalaria” izeneko taldeko kideak, Crossfit taldetako kirolariak, taldeetan antolatuta ez dauden kiroldegiko erabiltzaileak…). Ikastetxetako soinketa taldeak ere sarri agertzen dira Ubitartera.

Atletismoa ez ezik, beste zenbait kirol praktikatzeko ere erabilgarria dela pista frogatu ahal izan da, zenbaitetan. Patinetan aritzeko, esaterako; are gehiago, Gipuzkoako zirkuituko patinen txapelketa jokatu zen 2017an, irristaketa federazioak antolatuta eta Andoaingo Udalaren eta Irrist-Irri taldearen laguntzaz. Nolanahi ere, segurtasun neurriak direla eta (abaila handia hartzen dute patinatzaileek), ordutegi murriztua daukate horiek: asteazkenetan 14:30etik 16:00etara eta ostiraletan 14:00etatik 15:30era, hain zuzen.

Bestalde, esan behar da 2012an minimotoen erakustaldia ere egin zela bertan; arrakasta eduki zuen orduan ekimenak. Atletismo pista kiroldegiko erabiltzaileentzat edo eta Euskalduna, Zumeatarra eta beste zenbait kirol taldeetako kirolarientzat dago irekia. Bere garaian Udal Kirol patronatuak erabaki zuen ezin zela beste modu batera erabili pista, daukan kokapenagatik eta gainontzeko instalazioekin daukan konexioengatik.

Zumeatarra, erabiltzaile nagusia

Zalantzarik gabe, Zumeatarra elkarteko atletismoko praktikatzaileentzat da erabilgarriena pista. Taldeko kide den Jon Iturraldek nabarmendu nahi izan du Allurraldeko kiroldegia lehenbizi eta atletismo pista geroxeago, biak ere erabat eraginkorrak izan zirela herriko atletismo zaleentzat. Lehen une haietan atletismoa Andoainen zabaltzeko ahalegin betean ibili ziren pertsonak hartu ditu gogoan: “Zumeatarra atletismo saileko kide ziren Pako Arnaiz, Bixente Huizi eta Luis Arrizabalagak, egundoko ilusioa jarriz, modu aktiboan hartu zuten parte atletismoko pista eraikitzeko proiektuan. Eta behin pista eraiki ondorengo urteak oso emankorrak eta aberatsak izan zirela esan daiteke atletismo sailean, izan ere, haur talde polita osatu baitzen, aipatu hirukote horren eskutik.
Era berean, Huizik garai horietan hain ohikoa ez zen emakumezkoen talde bat ere osatu zuen”.

Iturraldek gehitu duenez, gaurko egunean, mantendu egiten dira Zumatearra atletismo taldeko atal desberdinak, baina garaiak aldatu egin direnez, beste era batean bideratzen dituzte. “Pista egunero ez bada, ia egunero, kideren batek erabiltzen dugula esango nuke.Eskolarteko gazteekin astean bitan entrenatzen dugu eta adinaren arabera moldatzen ditugu entrenamenduak”.

Kirol jarduera horiek ez dituzte lehiakortasunera bideratzen; "haurrek jolasen bitartez korrika egitea edo atletismo gainerako diziplinetan murgiltzea eta horrekin goza dezaten dute helburu, jakinda joko eta ariketen bitartez, hainbat giza balio landu daitezkeela. Esate batera, integrazioa bultza dezake, erlazionatzeko trebezia lantzeko balio dezakeela alegia, kontuan hartzen badugu atletismoa banaka egin daitekeen kirola dela”.

Federatuen mailan, berriz, Zumeatarra Atletismoko taldeak hamabi bat korrikalari dauzka federatuta; triatloiko taldea, berriz, 30 bat kirolariek osatzen dute. Gutako askok seriek egiteko erabiltzen dugu pista, denbora jakin batean distantzia zehatz bat betetzeko helburuz. Kirolari batzuentzat aspergarria den ariketa hori, gozamena da guretzat. Bestalde, astean behin gutxienez, taldeko saio bat edo ahal duenak ahal duenarekin saioa egiten saiatzen gara, eta horretarako, whatsapp talde bat daukagu sortuta; edonorentzako dago irekia, eta nahikoa da zumeatarrataldea@gmail.com posta elektronika idaztea.

Hobekuntzak, egiteko

Atletismoko pista zertan hobetu litekeen galdetuz gero, hona zer dioen Iturraldek. “Gu beti eskean ibiliko ginateke, inoiz ez baikaude konforme atletismoa gizartean zabaltzearen mesedetan! Baina pistei begira jarrita, esango nuke ezarri zenean bezala dagoela, eta berrikuntza batzuen beharrean dagoela. Esate baterako, euria egiten duenean pistako eremu batzuetan putzuak sortzen dira; uraren kanalizazioa ez dago egoera onean, eta lehenengo kaletik iskinatik joanez gero, estropezu egiteko arrisku haundia daukagu”.

Pistaren azpiegitura edo materiala aipatzen hasita, luzarora begirako amets bat aipatu du Iturraldek. “Nahi nuke, egunen batean, tartanezko pista ikusteko aukera izango banu. Asfaltozko pista gogorra egiten da, eta hanketako mina baretzen lagunduko luke”.

Bestalde, pistaren erabileraren arauen inguruan ere badagoela zertan hobetua gehitu nahi izan du Iturraldek. “Erabilera arautua dago, baina erabiltzaileentzat ez dago ikusgai, eta ez dira bete arazten maiz. Hori dela eta, edonor eta edonondik joaten da. Batzuek ulertzen dute, eta saiatzen dira serieak egiten ari diren korrikalariei errespetatzen, hots, lehenengo bi kaleak libre uzten. Beste batzuei, ordea, askotan arreta deitu behar izaten zaie kale horietan dabiltzalako. Azken finean, garbi utzi beharko litzateke 1 eta 2 kaleak serieak egiteko direla, 3 eta 4 kaleak korrika egiteko (entrenatzeko), eta 5 eta 6 kaleak, beroketak egiteko edo oinez doazenentzat. Arau horiek denen bistan egon beharko lukete, pista inguruan”.

Bada Ubitarteko instalakuntzak Anoeta estadioarekin parekatzen dituenik. Egia izan daiteke futboleko lehiaketetako finalak eta antzeko aparteko neurketak bertan jokatzeko Ubitarte egokia izan arren, aukera hori saihesten duela zelaiaren eta harmailen -eta zaletuen- artean dagoen urruntasunak. Baina ikuspegi horren gainetik, herriko kirol eragile eta kirolarien artean kontsentsua sumatzen da pistak Andoaingo kirol munduari eragiten dizkion onuren inguruan.

Erlazionatuak

Ubitarte zelaiak hamar urte

Andoain

Ubitarte zelaiko harmaila eta instalakuntzak 2010eko apirilaren 17an inauguratu ziren, eta hamar urte igaro dira ordutik, hortaz. Andoaingo kirolar...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!