Bi hilabete pasatxo izan dira, Aiurriko lantaldeak egunero-egunero atal hori mimo handiz landu duena. Bideo asko eta asko lantaldeko kideek grabatu dituzte, baina ezin aipatu gabe utzi aste hauetan guztietan auzo guztietatik jasotako bideo-sorta. Laguntzaile horiei guztiei eskerrak eman beharrean gaude.
Martxoaren 14an abiatu zen Hego Euskal Herrian txalo egitera leiho eta balkoietara irteteko ekimena. Neguko ordutegia indarrean zegoen, lehen egun haietan. Hori dela eta, martxoaren 28ra bitarte argitaratutako bideoak gauez grabaturikoak izan ziren. Martxoaren 29an hasita, hitzordua egun argiz egiten zen. Orduan hasi ginen parean edo alboan genituen bizilagunen aurpegiak ikusten. Elur giroko egunekin amaitu zen martxoa, eta apirilean udaberriak aurrera egiten zuen bitartean Gurutze Gorria herritarrak zoriontzen ikusi genuen. Berezia izan zen 25. eguna, baita 50. eguna ere. Zer esanik ez Santa Krutz jaiekin bat egin zuten iluntzeak. Balkoiak kolorez beterik zeuden, eta egoera zaila bazen ere, auzotar askok txarrenari onena atera zioten. Uda giroko eguraldia bizi izan genuen maiatzeko lehen egunetan, baita ekaitza ikusgarriak ere. Eta bitartean, aginduak arindu ahala, konfinamenduaren esanahia eraldatuz joan zen. Birusa ez da desagertu, eta oraindik ere arazoari serio demonio eutsi beharko zaio.
Aiurrik hortxe jarraituko du paperean eta Internet sarean, atal honekin erakutsi bezala, egunerokoaren berri ematen.