[ERREPORTAJEA]

Illarramendiren atzetik, Ikutzaberri baserria eraitsi dute

Xabier Lasa 2020ko eka. 14a, 08:46

Familia ugari bizi izan da baserrian. Otaño Ezeiza familia izan da azkena (Aierbe eta Diaz de Salazarren Leyçaur 0 liburuan, etxe eta baserriei buruzko argazkien eranskina).

Ikutzaberri baserria da Illarramendi inguruko proiektu urbanistikoak deuseztatzea kontenplatzen duen hiru baserrietako bat; Illarramendi eta Perikotegi dira beste biak. Joan den astean eraitsi zituzten Ikutzaberriren hondakinak, aspaldi baitzegoen utzita.

Buruntza Auzoan zegoen Ikutza Berriren historia eta bere jatorria arakatzen hasita, oso atzera jo beharra daukagu, XVI. mendera hain zuzen. Lope Martinez de Isasti historialariak 1625ean idatzi zuen Compendio historico de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa I liburuan, besteak beste, Andoaingo etxe eta baserrien zerrenda aurkeztu zuen, eta bertan Ikutza Berri izendatuta ageri da jada. Halaber, Maria Rosa Ayerbe eta Luis Miguel Diez de Salazar historialari andoaindarrek atondu zuten Andoain, de tierra a villazgo (1379-1615). Un caso modélico de preautonomía municipal en Guipuzcoa (Leyçaur 0 aldizkaria, 1996) liburuak ere ematen du aditzera Ikutza Berriren izatea.

Bi historialariek hitzaurrean zehaztu zutenez, euren egitasmoa 1379-1615 epe historikoa aztertzea izan zen, baina Andoaingo bataio liburuak 1679an hasten direnez, eta jaunartze, ezkontza eta heriotzen liburuak, berriz, XVIII eta XIXan, bada, protokolo notarialen informazio iturrira jo behar izan zuten. Egia esan, agiri ofizial horietan, herritarri buruzko hainbat arlorekin (ekonomia, legeak, bizimodua, ohiturak…) zerikusia duen informazioa topa daiteke. Horrela, dokumentazio horretatik tiraka gehienbat, XVI. eta XVII. mendeetako andoaindarren historiaren zati bat argitan jartzea lortu zuten; zehatzago esanda, ze etxe eta baserri zeuden zutik eta horietan zein familiak bizi ziren.

Horrela, badakigu XVI. mendean Andoainen bi etxe zeudela Ikutza izenarekin, bata Icuza de Suso (397-398. or.)  eta bestea de Icuza de Yuso; lehena litzateke Ikutza Berri.

XVI. mendearen lehen erdialdean ekin zion Ikutza Berriren etxearen historiak. Garai hartan Juanes de Icuza ageri da etxeko nagusi gisa. Bere seme-alabak Domenja eta Domingo izan ziren. Etxearen oinordeko gisa izendatutako Domingo bi aldiz ezkondu zen, Churdiña de Ochoarenarekin lehenbizi eta Maria de Anizquetarekin ondoren, eta lau seme-alaba izan zituen: Maria Ruiz, Maria Gomez, Maria Joaneiz eta Joanes. Seme alaba horietatik Maria Ruizek hartu zuen etxea oinordean. Aldi berean, Pedro Areizmendi Garagorrirekin ezkondu zen, eta biek hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Gomez, Migel eta Domenja. Maria Ruiz oso gazte zela alargun geratu zen, eta protokolo notarialetan azaltzen denez, ez dirudi bizimodu samurra eduki zuenik: besteak beste, Tolosako alkateari bere seme-alabak zaintzeko baimena eskatu behar izan zion, semea ere oso gaztetan hil zitzaion, etxearen oinordetzagatik beste hiru anai-arrebei zegokiena ordaindu behar izan zien, eta, Buruntzako sarobearen 1/5a eskuratzeko epaitegietan jardun behar izan zuen. Halaber, Maria Ruizek, bere alaba Maria Gomez (Areizmendi Icuza) izendatu zuen etxearen oinordekotzat, eta Juan Perez de Egusquizarekin ezkontzeko tratua egin zuen; ezkontzarako, alaba horrek, Ikutza Berriko etxea, Gorostidiko borda eta beste zenbait ondasun eskaini zituen dote gisa. Icuza etxean Juan Perez jarri zen agintzen, nahiz eta bertan oraindik bizi bere amaginarreba, Maria Ruiz.

XVI. mendetik XX. menderako jausia eginez, 1900. urtera iristen bagara, Ikutza Berri baserrian Zuloaga Irazusta familia topa dezakegu; maizter gisa bizi da familia. Bertan Concepcion Irazusta Etxabeguren 54 urteko alargun zizurkildarra bizi da (bere senarra, Andoainen jaiotako Pablo Zuloaga Zubiarrain izan zen), eta beren semeak, berriz, Antonio Maria 21 urtekoa eta Jose Antonio 19 urtekoa. Eurekin bizi ziren amaren anai Jose Inazio Irazusta, 64 urtekoa, eta Gregorio Zugarain Zubiarrain sei urteko mutikoa. Nekazaritzatik bizi zen familia.

1936an, Ikutza Berri baserrian Otaño Ezeiza familia bizi zen. Aurreko familiaren antzera, maizterra hau ere. Juan Batista Otaño Apaolaza eta Juana Inazia Ezeiza Arizmendi senar-emazteek eta Inazio (1910), Pedro (1916), Maria (1919), Pia (1922), Pantxika (1926) seme-alabek osatzen zuten familia. Aita-ama nekazariak ziren (gizonak Laborden ere egiten zuen lan lorezain gisa), seme zaharrenak lantokietako langileak ziren, alabetako bat neskamea zen bat, eta azkenik, ikasleak ziren beste biak.

70eko hamarkadaren hasieran, Otaño Ezeizak baserria utzi behar izan zuen, jabearekin tratu baterako ados jarri ezinda. Ikutza Berri etxea hutsik geratu zen geroztik, eta suntsitzen joan zen poliki-poliki, jabeen utzikeria zela medio. Azken urtetan baserriaren aurriak besterik ez dira geratu, eta joan den astean hondeamakinak erabat deseginda utzi zuen.

Bitxikeria bezala, esan behar da bertako alabetako bat, Maria Otaño Ezeiza, Ikutza abizeneko Manuel Kaletxikiko gaztearekin ezkondu zela.

Ikutza Berri, Enrique Laborderen babes leku

Ikutza Berri baserriko hormek eta bere lursailek makina bat historia eta pasadizoren lekuko izan izango ziren seguruenik, mendeetan barrena. Horietako bat topatu dugu frankismoko biktimen alde lan egiten duen Oroituz elkarteak 2006an argitaratu zuen Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa liburuan. 1936ko gerraren testuinguruan gertatutako pasarte horretan, Ikutza Berriko etxejauna zen Juan Batista Otaño agertzen da alde batetik, eta bestetik, Andoaingo industriaren historian garrantzia handia eduki zuen Laborde lantegiko (1926-1977) zuzendari Enrique eta Manuel Laborde anaiak. Buruntza auzoko Antonio Lasak kontatu zuen gertakizuna:

“Enrique eta Manuel Laborde Werlinden, Laborde lantegiko nagusiak, joera politiko desberdinekoak ziren. Bata karlista eta bestea nazionalista izan, hor non hitzartu zuten elkar laguntzea, gerra egoerak eskatzen zuenari begira: batak bestea defendatuko zuen, eta lantegia beti salbu geratuko zen. Halaxe egin zuten lehenbiziko egunetan. Baina Errepublikari bizpahiru eguneko bizitza geratzen zitzaizkionean Andoainen, giroa erabat nahastu egin zen eta Enrique artean anaiaren itzalean egon bazen ere, ez zen ziur sentitu; orduan Ikutza Berriko kupelean barruan ezkutatu zen, Bautista Otaño Apaolaza bere jabeak babestuta; gizon hori Laborde lantegiko lorezaina zen.

Frankistak herrian nagusitu zirenean, errelebua heldu zen: Manuel Zeraingo baserri batean gorde zen, bolada batez. Bien bitartean, Enrique jendaurrera agertu zen, eta lantegiaren zuzendaritzari heldu zion”.

Enrique ez zen andoaindar bakarra izan lehen astetan ezkutatzea erabaki zuena, babesteko neurri gisa. Errepublikaren sistema demokratikoaren aginteak Andoainen iraun zuen bitartean, politikoki karlismora jotzen zuten herriko zenbait pertsona publiko (musikari, alkate edo zinegotzi ohi, apaiz, enpresari…) Andoaingo edo beste herrietako etxe, baserri nahiz bordetan ezkutatu zen; izan ere, beldur baitziren Errepublikaren aldeko milizianoek euren kontra errepresaliak hartuko ote zituzten, Nafarroan burutzen ari ziren erailketak mendekatzeko. Ihesaldi horretan, herriko zenbait abertzaleren laguntza jaso zuten. 

Egiari zor, Andoainen ez zen inor atxilotu, are gutxiago erail, indar faxistek uztailaren 18an kolpe militarra bultzatu zutenetik Andoain abuztuaren 16an okupatu zuten arte; abertzale eta ezkertiarrek osatutako defentsa batzordeak agindu zuen ia bi hilabeteko tarte horretan. Aitzitik, ondoren eratu zen agintaldi faxistak egundoko errepresioa jarri zuen abian herriko abertzale eta ezkertiarren aurka, hurrengo hilabete eta urteetan luzatuko zena; ehunka desagertu eta eraildako, atxilotu, frontean hilak, exiliora behartuak, ilea moztutakoak, lantokitik kanporatuak… Hain zuzen, errepresio horretan, erantzukizun handia eduki zuten gatazkaren lehen asteetan ihesean ibilitako -maiz errepublikanoek lagunduta- karlista eta eskuineko horietako askok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!