Koronabirusa

Covid-19ak eragindako biktimen aldeko omenaldia egin da

Xabier Lasa 2020ko uzt. 16a, 18:56

Andoaingo Udalak azken hilabeteetan Covid-19a dela eta herrian hil diren herritarrak gogoratzeko omenaldia antolatu du Lopez de la Calle parkean, gaur eguardian. Besteak beste, biktima baten alarguna izan da bertan. Parte-hartzaileek haritza landatu dute, biktima guztiekiko oroitzapena sinbolizatuz.

Andoaingo Udaleko PSE-EE, EAJ-PNV eta Podemos alderdietako ordezkariek, biktimen senitarteko eta lagunek, Anbulategiko langileek eta zenbait herritarrek hartu dute parte omenaldian. EH Bilduko zinegotziak ez dira bertaratu, eta ohar batean azaldu dutenez, ez zaie iruditu une egokia omenaldia burutzeko; udal taldearen ustetan, une honetan indarrak egoera kontrolatzera bideratu behar dira, eta behin egoera gainditu denean egin beharko litzateke ekitaldia.

Maider Lainez Andoaingo Alkateak hartu du hitza ekitaldian, eta azken hilabeteetan bizitzen ari garen egoera izan du mintzagai, hil diren pertsonak hartu ditu gogoan bereziki. “Dolua beti da zaila familiarrentzat, eta zalantzarik gabe, Koronabirusa dela eta, are zailagoa gertatu da beharrezkoa den ekintza hori gauzatzea. Izan ere, ezin izan baitute gaixo zegoen beren familiarraren ondoan egon, ezin besarkatu, ezin musurik eman... Horrexegatik nahi izan dugu ekitaldi hau burutu, familiar horiei adierazteko Udala eta herria euren ondoan egon garela eta gaudela”.

Lainezek Andoaingo herritarrak zoriondu ditu segidan, “kasu gehienetan jarrera eredugarria erakusteagatik”, eta aldi berean, mezua luzatu nahi izan die: “koronabirusak gurekin jarraitzen du, eta arduraz eta zuhurtziz jokatzeko eskatzen dizuet Udalaren izenean. Segi dezazuela maskarilla erabiltzen, egoerari aurre egiteko daukagun neurririk eraginkorrena delako”.

Azkenik, eskerrak eman dizkie hainbat langileei (osasungintzako langileei, garraiolariei, salmentetako langileei...) “hasieratik aritu zarete lanean birusa agertu zenetik, eta denok bat eginda jakingo dugu aurre egiten egoerari”.

Lainezen hitzen ostean, biktima guztiak oroimenean edukitzeko ekintza sinbolikoa egin dute bertaratutakoek; hain zuzen, haritza landatu dute Jose Luis Lopez de la Calle parkearen zelaian.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!