[GUTUNA]

Maindiko iturria

Eugenio Ariztimuño Amas 2020ko abu. 8a, 09:40
Abuztuaren 3an Udal langileak Maindiko iturriaren iturburuaren bila ari ziren Olagain aldean, Leitzaran ibaian gora.

Alkateari:

Zerbitzu Saileko zinegotzi ahaldunari:

Maindiko iturriaren hoditeria-zati baten eraberritzeari ekin zaio, eta lerro hauen bitartez hainbat aipamen egin nahi ditut obra hori gauzatzearen aurkako iritzia dudala adierazteko.

  1. Pandemia garaian bizi gara duela 5 hilabetetik hona, eta maila guztietako erakunde publikoetan pertsonen osasuna lehentasun bilakatu da.

  2. Gizakiarentzat edangarria den ura etxeetara, enpresetara, mertatalguneetara eta abarrera iristarazteko ardura eta erantzukizuna Udalarena da. Udalak zaindu eta bermatu egin behar du uraren kalitatea, indarrean dagoen legediaren baitakoa.

  3. Pertsonen osasunarentzat ura oinarrizko elementua da, horrexegatik ur edangarria eskaintzen ez duen iturri publikoa mantentzeak justifikazio zaila dauka, baldin eta ez bada elektoralismoagatik egiten. Alderdikeriaren ikuspegitik zilegi litzatekeena.

    Ez da nahikoa informazio-oharra jartzea, expedientea betez, eta jarraian herrikideei erantzukizuna eskatzea. Erantzukizunaren lehen lerroan Udala zuzentzen dutenek egon behar dute. Horixe da euren zeregina, eta horretarako aukeratu zituzten.

    Etzazuela ur honetatik edan adieraztea eta era berean ur edangarririk ez duen iturria iraunaraztea ezinezkoa da.

  4. 2020ko uztailaren 23ko plenoan Udal kontuak doitu egin ziren, diru sarreretan jaitsiera handia aurreikusten delako. Inbertsio handiak gerorako utzi beharrean dago Udala, eta “COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz gerrikoa estutu beharrean gaude, gastu korrontea murriztuz eta premiazko gastuei aurre eginez”.

    Ur-hoditeriaren zati hori berrituz (gastu korrontea), benetan uste duzue Udalak duen gastu premiazkoenetarikoa hori dela?

  5. Kontua ez da Maindiko iturria zerbitzutik kanpo uztea. Osasun eta higiene mailako Udal eskuduntza baliatu behar da, iturriak barne. Maindiko iturria Udal sarera konektatu behar da, herriguneko gainerako iturriekin egin den bezala. Ur hoditeria berritzea bezain gauzagarria da. Maindira iristen den uraren iturburua oso aspaldikoa izanagatik ere, uraren kalitatea bermatu behar da. Eta, ondorioz, baita iturria erabiltzen duten herrikideen osasuna ere. Gu guztioi dagokigun gaia da.

Lehentasunak jartzeko eta erabakiak hartzeko zuek duzue gaitasuna eta eskuduntza. Nire iritziz, hartutako erabakia akats larria da. Eta berandu baino lehen, Andoaingo Udalak atzera egin beharko du hartutako erabakian.

Erlazionatuak

Maindi iturria

Aiurri 2020 uzt 30 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!