Urriaren 22an aurkezpen ekitaldia egingo dute, iluntzeko 19:00tan hasita Bastero Kulturgunean. Ainhoa Aiertza Andoaingo Euskaraldiko dinamizatzailea da.
Euskaraldia Andoainen martxa hartzen ari da. Zer nolako dinamika daramazue aste hauetan?
Bi astez behin elkartzen ari ginen, eta aurkezpen ekitaldira begira burubelarri gabiltza orain. Bestalde, Euskaraldian parte hartzeko aukera zabaldu da eta hori gizarteratzen ari gara. Izena eman beharra dago, baita duela bi urte parte hartu zutenek ere.Lan hau guztia martxan jarri aurretik Ariguneak lortzen aritu gara. Dagoeneko 40 Arigunetik gora ditugu.
Laster herrian bertan izena emateko aukera baliatuko duzue. Zer aurreratu daiteke?
Kale Nagusian Zasa izeneko denda zena Euskaraldiaren gune bilakatuko da. Maila pertsonalean eta elkarte modura izena emateko aukera eskainiko dugu bertatik. Ostegun arratsaldetan eta larunbat goizetan zabalik izango da. Zalantza guztiak bertan argituko ditugu.
Bertatik bertara egiten ez duenak euskaraldia.eus webgunean izena eman dezake.
Basteroko aurkezpen ekitaldia iristear da. Zein osagai izango ditu ospakizunak?
2018ko edizioa gogora ekarriko dugu, bideo baten bidez. Aurtengoari begira, herrikideei bideoak helarazteko eskaera luzatu diegu. Ekitaldiak umore puntua izango du, bakarrizketa saio bat izango baitugu. Bertsoa, txalaparta eta musikarekin osatuko da ekitaldia.
Ostiral honetan hasita, ekitaldira sartzeko gonbidapena zabaltzen hasiko gara. COVID-19 protokoloak agintzen duenez, 250 lagunentzako tokia izango da. Hurbildu nahi duenak izena eman beharko du.
Parte hartzea sustatzeko bideoak eskatu dituzue. Zer nolako mezuak zabaldu nahiko zenituzkete?
Aurtengo edizioan parte hartuko dutela adieraztea eskatu diegu, eta baita herrikideak animatzeko mezuak zabaltzea ere. Funtsean horrelako bideoak jaso nahiko genituzke.
Pandemia garaian izanik, duela bi urteko arrakastari eustea izango litzateke helburu nagusia?
Halaxe da, pandemiak geldialdia ekarri baitu. Etxealditik Euskaraldia ekimena abian jarri zen, baina ez da gauza bera izan. Etxean gauden bitartean euskara besteekin praktikatzea zaila delako. Ariguneak lortzeko epea amaitu bada ere, berriak erakartzen jarraituko dugu.
2018ko ekainean eta udan sentsibilizazio lan handia egin genuen, eta hori orain ezin izan da egin. Urrian egonik, azarora begira parte hartze handia lortzea ikaragarria litzateke. Zoritxarrez, 2018ko datuetara iristea zaila izango da.
Nahi adina ekimen ezingo dira egin, hori bistan da. Baina gure esku dagoen guztia egingo dugu parte hartzea ahalik eta handiena izan dadin.