Kanpo Arigunea Leitzaran ibaiaren bazterrean

Aiurri 2020ko urr. 17a, 09:11

Aurreko astean herrigunetik gertu dagoen "Irla" izeneko tokian zaborra biltzen ari ziren bi lagunen bideoa zabaldu zen. Udaberritik uda amaiera bitarte bertaratzen direnek utzitako zikinkeria jasotzearekin batera, ekimena sustatu zuten bi herrikideek bazuten bigarren helburu bat: Euskaraz aritzea.

Aurtengo Euskaraldian Ariguneak sustatu nahi dituzte. Eta ingurua garbitzen ari ziren bitartean, “Kanpo Arigunea” sortu zuten Diego Barrasak eta Jon Ander Ubedak. Biak aspalditik Andoainen bizi dira. Diego errioxar andoaindar euskalduna dugu, eta Euskaraldian belarriprest modura ariko da. Jon Ander Ubedak ahobizi modura errepikatuko du. Bideoan agertzen dira ekimena aurrera eramateko arrazoiak.

Urriaren 12ko bideoa, bi bideoetatik lehena

 

Maiatzean hasi eta irailaren amaiera bitarte, bainua hartzeko aukera paregabea izan da Olagain auzunean “Irla” bezala ezaguna den tokian. Naturgune polita da, Leitzaran ibaiaren ertzean sortzen dena. Zaborrez bete da, ordea, denboraren poderioz.

Herrigunean bertan dago, Bekoplazatik metro gutxira. Zuhaitzen artean babestuta, bisitari ugari jaso ditu aurtengoan. Bisitaldi kopuru handiak zehar-kalteak eragin ditu, bertara hurbildutako hainbaten jokabide eskasagatik. Familian arratsaldeak igarotzera joan diren bi gurasok zabor bilketa egin zuten joan zen irailaren 29an. Bost zabor poltsa handi bete zituzten, denera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!