Txalaparta doinuekin ekin diote ekitaldiari, iluntzeko 19:00ak pasatxo zirenean. Pandemia betean eta Andoaingo datu kezkagarriak guztion ahotan, Bastero Kulturgunean partaidetza polita egon dela esan daiteke.
Maizorriko Jon Urtasun eta "Tolo"rekin abiatu da ekitaldia, eta jarraian aurreko edizioko bideo-muntaia eskaini dte. Musukorik gabeko garaia ekarri dute gogora, elkarren ondoan euskaraz aritu ginenekoa. Orduko hura zeinen garrantzitsua izan zen jabetzeko baliagarria izan da. Lehen edizioan 1786 ahobizi eta 573 belarriprest murgildu ziren Andoaingo Euskaraldian. Oso kontutan hartzeko datua da hori..
Mailu Arrutik monologo berria eskaini du. Jakintsuaren, adituaren eta hizkuntza ponpoxoaren rolean murgildu da ironia bizia erabiliz.
"2018koa gogoan hartu eta berriz ariketa soziala errepikatzeko garaira iritsi gara"
Ixiar Oreja eta Ainhoa Aiertza aurkezleek Euskaraldian murgiltzeko deialdian murgildu dute ikuslegoa: “2018koa gogoan hartu eta berriz ariketa soziala errepikatzeko garaira iritsi gara". Ahobizi eta belarriprest definizioak gogora ekarri eta bakoitzaren rolaz aritu dira hizketan. Horrek bidea eman die aurtengo berrikuntza aurkeztera. Izan ere, aurten taldean aritzea sustatu nahi da. Pandemia betean, ez da asmo hori bete-betean burutuko, baina ez zaio ahalegina egiteari utzi behar. Izan ere, Andoainen bakarrik 80 arigune izango dira. Denda, ostalari, enpresa, elkarte... ekimen ugari batu dira deialdira.
Basterokoa kulturaz jantzitako ekitaldia izan da. Soinuak Musika eskolako gitarjoleak bertan izan dira. Musika entzunez, irakurriz, ikusiz... euskararen erabilera modu askotara sustatu daitekeelako. Baita bertsoaren bitartez ere. Unai Ormaetxeak eta Jon Eskuderok bina bertso abestu dituzte, taulagainera igota.
Euskaraldian bat egiteko garaia iritsi da, eta andoaindarrek herriko ikasletxeetan, Kale Nagusiko bulegoan edota euskaraldia.eus webgunean izena eman dezakete
Euskaraldian bat egiteko garaia iritsi da, eta andoaindarrek herriko ikasletxeetan, Kale Nagusiko bulegoan edota euskaraldia.eus webgunean izena eman dezakete. Andoaindarrak Kale Nagusiko egoitzara ostegun arratsaldez edo larunbat goizez hurbiltzeko deia egin dute. Bertan, gainera, Euskaraldiari lotutako zapia, musukoa eta txapa eskuratu ahal izango dira.
Ekitaldiak aurrera jarraitu du herritarrek bidalitako bideo-sortarekin. Jon Gaztañaga futbolariarekin hasi da bideoa, eta Maider Lainez alkatearekin amaitu. Tartean, banaka eta taldeka bideo ezberdinak ikusi dira. Guztiak ere Euskaraldiarekin bat egiteko deia luzatuz. Bideoan bertso eskolako kideak agertu dira kantuan, “behingoz euskarak izan dezan merezi duen tokia” abestuz.
“Herritarren txanda da orain. Izan zoriontsu eta bizi euskaraz”
“Herritarren txanda da orain. Izan zoriontsu eta bizi euskaraz” esanez agur esan dute Ixiar Orejak eta Ainhoa Aiertzak. “Guk euskaraz” abestiarekin amaiera eman zaio ekitaldiari.