Urriaren 23an gorriz zeuden udalerrietan hainbat neurri hartu ziren. Jaurlaritzak haur parkeak gaueko 21:00ak arte irekita egoteko gomendioa luzatu zuen, eta herri gehienetan gomendio horri eutsi zioten. Andoaingo Udalak bere aldetik parkeak ixtea erabaki zuen, sozializatzeko gune zirela eta pilaketak sor zitezkeela argudiatuta.
Gaur indarrean sartu da Alarma-egoera, eta araudi berria ezarri du Eusko Jaurlaritzak. Parkeei dagokionez hauxe dio: “Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1. Udalei dagokie espazioa antolatzea, baita garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea ere”.
Aiurrik Andoaingo Udalari egin dio kontsulta, eta gai honi buruz udal bakoitzak neurri propioak ezartzeko bere eskumena daukala berretsi du: “Jaurlaritzaren dekretu berria zuzenean eta bere osotasunean aplikatu behar da Andoainen. Herriari dagokionean, aurreko egoerarekin alderatuta, ez da aldaketa nabarmenik finkatzen, soilik ostalaritzaren itxiera ordua (21.00tatik 23.00era). Gainerako udal neurriak indarrean daude, eremu gorrian gauden bitartean. Egoera sanitarioaren bilakaera aztertuz joango da, eta ostiralean aipatu bezala egoera epidemiologiko bakoitzera egokitzen”.
Parkeei buruzko egoera zehatzaz galdetuta, “Andoaingo kasuan Udalak ez irekitzea erabaki du” erantzun dute.