Bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak: “Kazetaritza saria” bata, eta “Komunikazio saria” bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak. Zortzi finalista horien arteko bi izango dira, beraz, aurtengo RAKSen saridunak. Hona finalistak:
Kazetaritza saria
- Arantxa Arza eta Felix Zubia, “Osasun Etxea” irratsaioagatik (Euskadi Irratia).
- Miel Anjel Elustondo, “Tonban ehortzirik” testu sortagatik (Berrian argitaratuak).
- Albiste Faktoriako lantaldea, 2019ko irailetik 2020ko iraila bitartean egindako saioengatik (Euskadi Irratia).
- “Koronabirusaren azken datuak” atala egin duen lantaldea (Berriako atala).
Komunikazio saria
- “Egunean behin” jokoa, CodeSyntaxen eskutik.
- “Ene kantak!” proiektu komunikatiboa, 2019-2020an emandako saltoagatik.
- Arteman, “Lur eta Amets” filmaren komunikazio prozesuagatik.
- Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus Orkestra, Urmuga proiektuaren spotagatik.
Xabier Lete gogoan
Aurtengo sari banaketa ekitaldiak gogoan izango du Xabier Lete bere heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian. Xabier Leteren lana aitortu eta eskertzeko ere baliatuko da, beraz, RAKSen azaroaren 26ko sari banaketa ekitaldia. Bere musika eta kantuen bidez omenduko da Lete, honako musikari eta kantari hauen eskutik: Joxan Goikoetxea, Klara Mendizabal, Petti eta Antton Valverde.