#Andoain #SOSostalaritza Etxera eramateko bazkaria erosteko ilara, gaur Hiru jatetxean pic.twitter.com/mu9zZLRWGO
— Aiurri hedabideak (@Aiurri) November 15, 2020
Irudia burmuinean prozesatu eta azkar asko poztu, hunkitu edota andoaindar izateaz harro sentitu gara bat baino gehiago.
Niri, hein handi batean, ilunetik hasi den goiza arindu dit. Arantzibia plazatik irten naiz 10:00ak aldera, eta hantxe topatu dut neska gazte bat galdu antzera zebilela. Esku batean telefonoa, eta bestean irribarrea logotipotzat duen kaxa zeraman. Dagoeneko konturatu ez bazara, igande goizez Andoainen lanean zebilen Amazoneko banatzaileaz ari naiz. Herri honetako kale izendegiak bere xelebrekeriak baititu. Eraman behar zuen kaxa ez zegoen Arantzibia plazan, Arantzibia kalean baizik. Metro eskasera daude izen bereko kalea eta plaza. Kanpoko batentzat erotzeko modukoa. Lagundu diot, ondo baitakit zein erraza den horrelakoetan oker ibiltzea. Neronek etxean jasotzen ditut Zumea kaleko helbidea duten sobreak. Zumea plazan bizi naizen arren.
Kontua da, Andoaindik Tolosara abiatu naizela. Igandero bezala amari elikagaiak, ogia eta egunkaria eramatea joan natzaio. Eta hantxe topatu dut auzoan furgoneta zuri bat. Alokairuan erabiltzen den horietakoa. Eta etxe eta ezkaratze ezberdinetan hantxe zebilen mutil gazte bat, irribarrea logotipotzat dituen kaxak banatzen. Honezkero ulertu duzue Amazoneko beste banatzaile bati buruz ari naizela.
Langile horien lan baldintzez eta kapitalismo basatiak dakarren dramaz pentsatzen jarri naiz. Eta burura etorri zait egun hauetan Luis Escudero Ruiz de Larrinaga herrikidea sareetan zabaltzen ari den mezua.
Eta emozioen olatuan, goizean ikusitakoa eta gero, pozgarria egin zait eguerdian eskuko telefonora iritsi zaidan irudia. Hiru jatetxeko kanpoaldea zen, Juan Bautista Erro kalean. Ilara zegoen, etxera eramateko bazkaria eskuratzeko zain.
Egoera zail honetan, arindua hartuko zuten Hiru jatetxekoek. Ez daude bakarrik, bezeroak dituzte zain negozioari eutsiz. Zeinen zaila den egoera hau kudeatzea, eta zeinen zaila izango den egun hauetan tokiko merkataria edo ostalaria izatea. Atzo herrikide askoren babesa jaso zuten. Emozioen olatuan, tabernari bat baino gehiago negarrez lehertu zen. Goikoplazan ikusi genituen, emozioak jota. Ispilu efektua sortzen zuten gainera, manifestazioan irten zen batek baino gehiagok negarrari eman ziolako.
Oraindik ere ekimena egun batetik bestera deitu zuten ostalariak atzoko txalo zaparradak entzuten ari dira.